EKOGRAFIAK

Fikzioa zelairatzen denean

Miren Manias.
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Konfinamendua arintzeko neurriekin batera, Espainiako gizonezkoen futbol liga itzuli zen ekainaren 8an. Europan, liga nagusien artean, Alemaniakoa (Bundesliga) izan zen lehena martxan jartzen; maiatzaren 16an. Ingalaterrakoa (Premier League), berriz, herenegun hasi zen. Hiru liga horietako partida bana ikusi dut jada, eta esperientzia kontatzeko baliatu nahi dut gaurko Ekografiak.

Orain dela hilabete eskas ikusi nuen Union Berlin eta Bayern Munich taldeen arteko norgehiagoka. Konfinamendu garai betean, maiatzaren 17an, 18:00etan. Jakina, ordainpeko telebista baliatu nuen horretarako: Movistar. Entretenimendua ez ezik, futbola negozio handia ere bada. Ateak itxita jokatu zuten, harmaila hutsekin eta ezohiko gol ospakizunekin. Giro benetan arraroa sumatu nuen etxeko egongelatik. Oro har, publizitate gutxi antzeman nuen.

Martxoaren 10ean izan zen Espainiako ligaren azken partida. Realaren eta Eibarren artean.Geroztik, ez dut besterik ikusi iragan igandera arte. Real Madril eta Eibar taldeen artekoa izan zen. 19:30ean. Hori ere ordainpeko telebistaz. Alemanian bezala, ateak itxita zeuden, zaleen oihurik gabe. Haien lekuan, hori bai, publizitate ugari zegoen. Bereziki, turismoari lotutakoa. Gazteleraz zein ingelesez. Katalanez, euskaraz edota galizieraz, ordea, batere ez. Deigarria behintzat bada, izan ere, barne turismoa sustatzeko garaian gaudela esango nuke.

Asteazken gauean, azkenik, Manchester City eta Arsenal arteko jokoa begiratu nuen. Futbol zelaiaren ateak itxita zeuden. Kasu honetan, ordea, fikziozko audioa (txaloak, giroa, oihuak...) eta esataria, edo soilik esataria entzuteko aukera eskaintzen zuen ordainpeko telebistak. Lehendabizi, audioarekin jarri nuen; baina hain zen gezurrezkoa pantailaren aurrekoa, guztiz kentzea erabaki nuela. Hau da, nork du audioaren kontrola? Zergatik entzun zitezkeen txalo zein ospakizun gehiago une batean eta ez bestean? Publizitateari dagokionez, bestalde, ohiko publizitatea (turismorik ez) eta ohiko lekuan ikusi nuen. Harmailetan fikziozko audientzia marraztu zuten.

Italiakoa (Calcio) datorren astean itzuliko da, eta partida guztiak ateak itxita jokatu dituzte. Ikusi beharko da, baina kirolean fikzioa da normaltasun berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.