Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Anestesia eta Imuntzo eta Beloki

2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Eta zuk? Zein musika entzuten duzu?», «Nik? Euskal musika!». Beti utzi nau zur eta lur erantzun horrek. Zer esan nahi du, zehazki? Anestesiaren Ultra-komunikatzen entzuten duzula egunari ekiteko eta Imuntzo eta Belokiren bilduma afaria prestatzeko? Ohikoak dira gure egunerokotasunean halako baieztapenak, baita ikus-entzunezkoei dagokionez ere. Adibidez, behin baino gehiagotan entzun dut: «Ez zait zientzia fikzioa gustatzen» esaldia. Generoak oso gauza zabala dira, eta, askotan, beraien artean nahastu ere egiten dira.

Zutabe hau irakurtzen duzuenok, badakizue ni zalea naizela, baina horrek ez du esan nahi zientzia fikzio guztia gustatzen zaidanik. Hori azaltzeko, gaur egun plataforma ezberdinetan ikusgai dauden hiru telesail aukeratu ditut, frogatzeko, genero beraren barnean, oso gauza ezberdinak ikus ditzakegula. Baita hirurak eremu berdinean kokatuta badaude ere. Bai, gaurkoan espaziora goaz.

Lehen adibide moduan, Lost in Space telesailari heldu nahiko nioke. 1965eko telesail batean oinarrituta dago, eta, bertan, espazioa kolonizatzera doan familia baten istorioa kontatzen zaigu. Esan beharrik ez dago, beraien helburua lortzeko, ustebaino arazo gehiago topatuko dituztela. Bidean, seme gazteenak robot estralurtar batekin harreman oso berezia garatuko du. Lost in Space familia osoarentzat da, zalantzarako gutxi uzten duten pertsonaiekin eta abenturazko fikzioaren mekanismoetan oinarrituta. Esango dizuet, hala ez bada ere, Disneyk ekoiztutako zerbait izan zitekeela arazorik gabe.

Bigarrenik, txoko honetan behin baino gehiagotan aipatu dizuedan The Expanse berreskuratuko dut. Hori generoko telesail baten moduan definituko nuke. Zientzia fikzioa ikustera ohituta dagoen publikoarentzat pentsatuta dago, eta, aurreko telesailaren zuritasuna utzi, eta errealitatearen grisetan murgiltzen da.

Amaitzeko, aldiz, Nightflyers. Game of Thrones nobela bilduma idazteagatik ezaguna den George R. R. Martin idazlearen ipuin batzuetan oinarrituta dago, eta, aurrekoak ez bezala, thriller psikologikoaren eta beldurraren eremuan sartzen da. Aurreko biak publiko guztientzako telesailak diren bezalaxe, helduentzako ekoizpen bat dugu, eta lehen zuri edo grisa zena beltz bilakatzen du.

Ikusi hirurak, eta ea berriz esaten didazuen ez zaizuela zientzia fikzioa gustatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.