Ibilkari

Oilarandoiko kapera

Baigorrin, Oilarandoiko kaperan egoten ziren ermitauei otoitz egiteko eskatzen omen zieten, zerutik etor zitezkeen txingor eta ekaitzetatik babesteko, XVIII. mendean han bizi izan baitziren.

Oilarandoiko kapera.
mikel arrizabalaga
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun

Baigorrin emango diogu hasiera ibilaldiari, kantonamenduko hiriburuan, eta herriko monumentu ezagunenak bisitatzeko aukera amaierarako utziko dugu. Udaletxearen aurrean ibilgailua utzi, eta GR-10aren bide seinaleek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea. Eskuinean, Iparlako harresia goititzen da, eta berehala helduko gara Aldudetik datorren Errobi ibaiaren adarra gainditzeko zubira. Gure eskuinean, zubi erromatarra ikusiko dugu. Metro gutxi batzuk egin eta ezkerretik jarraitu, errepidea azpitik pasatu, eta maldan gora joango gara. Bidegurutzeetan, seinale zuri-gorriek lagunduko digute bide zuzena aukeratzen.

Asfaltatutako bidea amaitu, eta lurrezko pista batetik igotzen jarraituko dugu basoan zehar. Balizatutako bidearen malda gogorrenak gainditu eta gero, Ahartza leporaino igotzen den errepide txikira iritsiko gara. Toki horretan, GR-10ak beste norabide bat hartzen du, ezkerretik igotzen da Oilarandoiko magalean zehar, baina guk hori itzulerarako utziko dugu, eta GR-10aren bide zaharretik egingo dugu aurrera. Errepidearen eskuinetik eta horren azpitik hedatzen den pista zabaletik egingo dugu aurrera, hasieran aldaparik gabe, baina gero malda gogortu egingo da errepidera atera aurretik.

Errepide estutik egingo dugu hurrengo tartea, eta, lehen bihurgunera iristean, hori utzi eta ezkerretik gorantz joko dugu, mendiaren gainaldean ikusiko dugun kaperarantz. Malda pikoa gainditu, eta Oilarandoin haitzez inguratuta dagoen kaperara helduko gara. Handik dagoen ikuspegia bikaina da, talaia zoragarria mendi garaiak eta horien magaletan barreiatzen diren baserri eta herri txikiak ikusteko. 1706an, haraneko 11 herrietako etxeko jaunak biltzen zituen Baigorriko Gorte Nagusiak erabaki zuen Oilarandoi mendiaren tontorrean ermita bat eraikitzea. Bertan egoten zirenean, ermitauei otoitz egiteko eskatzen omen zieten, zerutik etor zitezkeen txingor eta ekaitzetatik babesteko. 1740 eta 1792 bitartean, ermita hori okupaturik egon baitzen, eta, 1789ko iraultza igaro eta gero, suntsitua izan zen. 1941ean, J. Olhagarai apaizak kapera berri bat eraikitzea erabaki zuen, eta, urtebete geroago, 1942an, inauguratu zuten. 1985ean, eguraldi txarraren eta gizakiak sortutako kalteen ondorioz, ermita goitik behera berritu zuten. Baigorriko jendea eta inguruko herritarrak urtean bitan igotzen dira, ekainean eta abuztuan .

Ikuspegi paregabea

Adartzak, Iparlako harresiak, Auzak, Iratiko mendiek, Pirinioetako mendi garaiek eta Donibane Garaziko haranak eskaintzen duten ikuspegi paregabeaz gozatu ostean, maldan behera Ahartza leporaino jaitsiko gara. Toki horretan, ezkerretik datorren xenda balizatua bilatuko dugu (GR-10 berria), eta, Oilarandoiren magala puntatik puntara zeharkatuz, errepidera itzuliko gara, igoerako erabili dugun bidearekin bat eginez. Toki horretatik herriraino, igotzeko erabili dugun bide berbera erabiliko dugu.

Beherakoan, aurrez aurre ikusiko dugu Etxauzko gaztelu ederra. Jatorriz Erdi Arokoa bada ere, XVI. mendean eraiki zuten. Etxauz familiaren garairik oparoenak Henrike IV.aren eta Luis XIII.aren erregealdien artean izan ziren, 1732an etxaldea eskuz aldatu arte. Herrira jaistean, Doneztebe elizara joango gara. Elizaren parterik zaharrenak XII. mendekoak badira ere, XIII. mendeko testuetan agertzen da lehen aldiz (1236). Erdi Aroan, elizak defentsarako zutabe erromanikoak, dorre bat eta fortifikazioaren arrastoak atxiki zituen. Eliza atzean utzi, eta ibaia zeharkatuko dugu gertu dagoen zubitik. Ibaiaren paraleloan jarraitu eta berehala helduko gara zubi erromatarraren ondora. Nahiz eta erromatar hitza izan izenean, 1661ean izan zen eraikia. Garai batean, ibaia gainditzeko igarobide bakarra izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.