Ibilkari

Gapeluko zirkua

Bidarrai eta Baigorri artean hedatzen den Iparlako harresia bi zirku bikainek mugatzen dute: Gapelukoak eta Talatzekoak.
Iparlako gailurretik ikusten den ikusmira. Baztanen, Bidarrairen eta Baigorriren arteko mugan dago mendia.
Iparlako gailurretik ikusten den ikusmira. Baztanen, Bidarrairen eta Baigorriren arteko mugan dago mendia. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2020ko abuztuak 15

Bidarrai eta Baigorri artean hedatzen den Iparlako harresia bi zirku bikainek mugatzen dute: Gapelukoak ezkerrean, eta Talatzekoak eskuinean. Guk gaur Gapelukoa egingo dugu, Talatzekoa beste baterako utzirik. Iparlara igotzeko bide ederrena da, eta harresia gainditzeko dagoen aukera bakarra bertan aurkitu ahal izango dugu, pasabide erraz batetik igaroz gailurrera iristeko. Segidan, gandorrean zehar Tutuluatik pasatu, eta, Harrieta lepora jaitsi ostean, abiapuntura itzultzeko asmoa dugu.

Bastida auzotik abiatu, Bordazar baserriaren ondotik ateratzen den pistari heldu, eta berehala basoan murgilduko gara. Lehen bidegurutzera iristean, ezkerrera doan pista utzi —bide hori itzulerarako utziko dugu—, eta aurrean dugunari segituko diogu. Pista zabala xenda bihurtzen da, eta laster helduko gara Abraku erreka igarotzeko dagoen egurrezko zubiaren ondora. Hori igaro, eta, garo artean zabaltzen den bidean barna, goraka joango gara. Xendatik pista zabal batera atera, eta, hor, zer bideri jarraitu nahi diogun aukeratu beharrak zalantzak sortuko dizkigu: ezkerrera joz gero, Gapeluko zirkuaren oinera gerturatuko ginateke, baina, garo lekua denez, erraz gal genezake bidea; eskuinera, berriz, pista zabalak Garartzeko lepora eramango gintuzke, eta horren ezkerretik ateratzen den bideak Idokolepoan dagoen bordaren ondoan utzi; gauzak horrela, bigarrena aukeratuko dugu. Idokolepora ailegatuta, leku aproposa da zintzurra freskatzeko eta gure gainean dugun Iparlako harresi zoragarriari eta Gapeluko zirkuari so geratzeko. Garo, belar eta txilarrek janzten duten harresi horren kolorea aldatu egiten da sasoiaren arabera: udaberrian eta udan berdez janzten dira magalak, baina udazkena heltzean, garoa gorritu, eta erabat itxuraldatzen da. Bi garaietan bisitatzea merezi du.

Artalde batzuk ere ikus daitezke inguruan, eta beharbada horietakoren bat Erramun Martikorena artzain eta kantari baxenabartarrarena izango da: artzaina ogibidez, kantaria zaletasunez. Hark ondo ezagutzen ditu inguru horiek, maiz zeharkatu baititu Iparlako mendi magalak bere artaldearekin. Harentzat, mendi horiek ez dute sekreturik: bere lanbidearen espazio eta etxe izan dira beti. Inguru ederrak, mendi txoko paregabea.

Harresiak gaindiezina dirudi, baina mendi horrek eskaintzen digun aukera bakarraz baliatuko gara heltzeko. Beraz, martxan jarri, eta oso nabarmena den xendatik jarraituz, Iparlako korridorera gerturatuko gara, malkarraren oinetik, eta poliki-poliki. Bat-batean, bide leun eta erosoa norabidez aldatu, eta malda piko eta gogorra bihurtuko da. 200 metroko desnibela duen aldapa gogor horretan, izerdi franko botako dugu. Langa txiki bat igaro, eta, azken metroak egin ostean, 90. mugarriaren ondora iritsiko gara. Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia banatzen dituen gandorrean zehar, Iparlara igotzen hasiko gara segidan. Bidean GR-10ari dagozkion seinale zuri-gorriak ikusiko ditugu, eta belarrezko alfonbra zapalduz beteko ditugu azken metroak. Iparla talaia paregabea da Euskal Herriko mendi gehienak ez ezik iparraldeko kostako eta barruko herriak ere ikusteko.

Itzultzeko garaia iristean, GR-10ari dagozkion bide seinaleei jarraituko diegu, eta, Gapeluko lepora heltzean, metro batzuk egin beharko ditugu Tutuluako gailurrera iristeko. Iparla eta Tutulua dira Gapeluko zirkua mugatzen duten bi gailurrak. Beheraka joango gara, eta, Harrietako lepora iristean, Urdozera doan bidea aukeratuko dugu, GR-10a utzita. Basoan zehar zabaltzen den bidetik, Sarosarreko bordaren ondora helduko gara. Hor, Urdozera doana utzi, eta ezkerrera egiten duen pista zabala hartuko dugu. Larrarteko lepotik Gapeluko zirkuaren ikuspegirik zabalena izango dugu, baita igotzeko erabili dugun bidearena ere. Pista zabal horrek hasieran igaro dugun bidegurutzera eramango gaitu, eta hortik abiapuntura, Bastidara.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Paziente bat, ZIUan, osasuneko profesional baten arta jasotzen. ©Andoni Lubaki / Foku

Kutsatzeen katea ez da eten, eta goia jo du ospitalean daudenen kopuruak

Arantxa Iraola - Maddi Ane Txoperena Iribarren - Irati Urdalleta Lete

Nafarroan bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena izan dute (578), eta Gipuzkoako kutsatze tasa 500 kasutik gorakoa da jada. Murrizketak Iparraldean ere: ostatuek 22:00etarako itxi beharko dute

Antigorputzak atzemateko testak, artxiboko irudi batean; immunitate sistemaren erantzuna neurtzen dute. ©ROBERT GHEMENT / EFE

Gaitzei aurre egiteko ahalmena

Arantxa Iraola

Sendo behar da immunitate sistema eritasunei aurre egiteko; izurriak lehen lerrora ekarri ditu gorputzaren babes mekanismoei buruzko jakingarriak. Aldagai askok eragiten dute

 ©ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Iruñeko taberna atari bat, atzo. ©JESUS DIGES / EFE

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna