Euskal kostaldearen konkista

Jokin Berra eta Egoitz Goikoetxea lagunek kayakean zeharkatu dute euskal kostaldea. Hiru egun lehenago erosi zuten kayaka, eta zortzi egunean egin dute erronka.

Jokin Berra eta Egoitz Goikoetxea Bizkaiko Zubian. J. BERRA ETA E. GOIKOETXEA.
Olatz Silva Rodrigo.
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Euskal kostaldeko herriak eta haien egoera ezagutu nahi genituen». Esan eta egin. Jokin Berra errenteriarraren (Gipuzkoa) eta Egoitz Goikoetxea lezoarraren (Gipuzkoa) helburua Bilbora ailegatzea zen; Angelun (Lapurdi) uretaratu zuten kayaka. Zortzi egunean bete dute erronka, eta kostaldeko hainbat herri ezagutu dituzte. Gutxi gorabehera, 180 kilometro egin dituzte arraunean.

2019ko apirilaren 24an hasi zen dena; Goikoetxeak tibia eta peronea apurtu zituen istripu batean. Kirola egitea, beraz, ez zen erraza izan harentzat egun hartatik, eta hainbat kirol bilatzen hasi zen. Hara non aurkitu zuen surfa: «Berra surf egiten aritu denez eta nik oporrak nituenez, Marokora joan ginen hilabetez surf egiten ikastera». Marokon zeudela, Berrak proposatu zion euskal kostaldea kayakean zeharkatzea, eta Goikoetxeak «inork ez bezala» erantzun ziola adierazi du, momentuan bertan jaso baitzuen lagunaren baiezkoa.

Surfa bai, baina kayaka ez zuten aurretik asko erabili bi lagunek. «Kayaka zeharkaldia hasi baino hiru egun lehenago erosi genuen», onartu dute. Izan ere, abentura egin aurretik, ez dituzte inoiz bi ordu baino gehiagoko zeharkaldiak egin kayakean. Lehenengo egunean, 7 ordu eta 40 minutuz aritu ziren arraunean, eta hori hartu zuten erreferentzia gisa hurrengo egunetan egingo zuten distantzia kalkulatzeko: «Pentsatu genuen hurrengo egunean leher eginda egongo ginela, eta ezingo genituela besoak mugitu; baina ikusi genuen gai ginela». Hondartzetan eta portuetan egin dute lo; eta arraunean egiten zuten bitartean adostu dute egun bakoitzeko geldialdia. «Nekearen arabera adosten genuen non lo egin, eta itsasoak eta eguraldiak ere asko baldintzatu digute», adierazi du Goikoetxeak. Eguzkiak gogor jo duenez, txano handia eramatea garrantzitsua izan dela azaldu dute; horregatik, mexikar txanoa eraman dute soinean, abenturari umore ukitua jarriz.

Kayakari izena jarri diote: Gure bittina. Proiektua beste lagun batekin prestatu zuten Marokon. Lagun horrek beti bittue hitza erabiltzen du: «Bittue! Zer moduz?». «Harengatik jarri diogu izen hori. Nahiz eta fisikoki ez egon, gurekin etorri dela esan dezakegu», azaldu du Berrak.

Kayakean ibiltzeaz gain, haien hasierako ideia surf ere egitea zen. Horregatik, surfeko bi ohol eraman dituzte lotuta, eta atoi moduan erabili dituzte. «Ikusita nola bukatzen genuen eguna, surf egitea beste baterako utzi dugu», aitortu dute.

Herritarren animoekin egin dute aurrera bi lagunek: «Portu bakoitzean jendearekin elkartu gara, eta harriduraz galdetu digute gure abenturagatik. Haien animoek eman digute indarra jarraitzeko. Hori izan da gure laguntza». Berrak eta Goikoetxeak zailtasunak izan dituzte argazkiak ateratzeko. Horregatik, kostaldean zeuden herritarrei eskatu diete ateratzeko eta haien Instagram kontuaren bidez bidaltzeko: @kayak_surf_trip_eh.

Beste era batera, berriro

Oraindik adostu ez badute ere, errepikatzeko asmoa dute biek, baina beste modu batean. Hurrengoan gehiago sakontzea gustatuko litzaieke: «Konturatu gara oso gutxi ezagutzen dugula gure kostaldea. Gainera, ikusi dugu asko dagoela egiteko naturaren alde, euskararen alde, baita Euskal Herriko iparraldea eta hegoaldea gehiago elkartzearen alde ere».

Horrelako abentura bat egiteko, «ilusioa eta motibazioa ezinbestekoak» dira. Horretaz gain, garrantzitsua da itsasoa pixka bat ezagutzea. Baina are garrantzitsuagoa da lagunen arteko harremana ona izatea. Zorionez, nahiz eta ordu asko batera eman, ondo moldatu direla adierazi dute lagunek. Berrak azaldu duenez, «harremana ez bada ona, baliteke baten batek uretan amaitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.