Donostiako 68. Zinemaldia. Zinemira

Nola kontatu kartzela

Negu Gorriak-ek Herrera de la Manchako kartzelan egindako kontzertua abiapuntu hartuta, espetxearen eta identitatearen inguruko hausnarketa egin du Aitziber Olaskoagak 'Jo ta ke' filmean.

Aitziber Olaskoaga zinemagilea pelikularen fotograma batean lanean. BERRIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Donostia
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Herrera de la Manchako espetxera bidaia bat. 1990eko abenduaren 29an, Negu Gorriak taldeak bere ibilbideko lehen kontzertua eman zuen Ciudad Realgo (Espainia) Herrera de la Manchako espetxearen kanpoaldean. 10.000 lagun inguru bildu ziren bertan euskal preso politikoak omendu eta amnistia eskatzeko. Imajinario kolektibo baten parte izan dira urteetan irudi horiek.

Urte luzez Aitziber Olaskoaga zinemagilearen «obsesio»bihurtu ziren kontzertu hartako irudiak, egun hartako kontzertuaren grabazio bat ia buruz ikasteraino. Orain, bere azken urteetako «obsesio» izandakoa zineramara eraman du OlaskoagakJo ta ke filmean. Premisa argi bat du lanak: «Nola irudikatu historia irudiak ukatu egiten zaizkigunean?» Astelehenean estreinatu zuen lana Zinemira sailean.

Irudiak ukatu; izan ere, kartzelari eta kontzertuari buruzko film bat egin du, kontzertuaren eta kartzelaren irudirik erabili gabe. Zinemagileak dio horiek ukatu egin dizkiotela, baina horrek kalte baino gehiago on egin diola: «Negu Gorriak taldeko abeslari izan zen Fermin Muguruzarekin bildu nintzen, eta oso pozik atera nintzen bileratik. Berak irudiak erabiltzeko ezezkoa eman zidan, eta nik pentsatu nuen: 'Primeran datorkit; honek esan nahi du beharrezkoa dela pelikula egitea. Izan ere, ez badidazu irudi horiek berrikusten uzten, horrek esan nahi du zerbait dagoela irudi horietan'».

Hala, hasieran erabili asmo zituen irudi horiek gabe ekin zion filmaketari. Lau bidelagun, lau emakume ibili dira lanean: Itziar Otxoa, Maddi Barber, Pilar Monsell eta Olaskoaga bera. Ideia garatzen hasi zenetik, hiru urte eman ditu lanean, eta iaz Ikusmira Berriak programan parte hartu ondoren iritsi da Donostiako Zinemaldira filma.

Grabaketak egiteko, kartzela dagoen Manzanares herrira joan ziren Olaskoaga eta bere taldekideak, eta bertan jaso zuten proiektuan kartzela azaltzeko bigarren ezezkoa. Espetxean lan egindako bi gizonekin—kartzela eraikitzeko lanetan aritu zen batekin eta abokatu gisa kartzelan lan egin zuen bertze batekin— mintzatua zen Olaskoaga filmean ateratzeko, baina, azken orduan, ordea, atzera egin zuten biek. Espero gabekoa izan zen ezezkoa: «Momentuan kolpea izan ziren bi ezezkoak. Gu ordurako han geunden, eta nik haiekin grabatu nahi nuen». Ezezkoari, ordea, buelta eman zion. «Pelikula muntatzean eraiki dugu, orduan jartzen dira pieza guztiak bere lekuan. Ezezkoak pelikularen ardatz bihurtu dira, zeozer positiboa».

Espetxea bertako irudirik erakutsi gabe adierazteko erronkak pelikularen forma baldintzatu du, kartzela erakusteko ezinak ingurua erakustera eraman duelako ezinbertzean. Espetxeko zuzendaritzak kartzelan grabatzeko baimena ukatu zion: ezin izan du kartzela barrua grabatu, eta, kanpoaldean irudiak hartzekotan, espetxea ez den aldean bakarrik hartzeko baimena zuen. Hala espetxearen bilaketa bat da filma. Espetxeko ingurumaria azaltzen da, baina espetxerik ez, eta mantra bat: «Nire ahotsa izango dira zuen begiak».

Horretarako, inguruaren 360 graduko planoak erabili ditu errekurtso gisa:«Plano panoramikoak dira, Nik ezin izan ditut nahi nituen irudiak erabili, ez didazuelako grabatzen utzi; beraz, hauxe topatu dut, hauxe erakuts dezaket». Espetxearen bilaketa horretan, bertzelako errekurtsoak ere erabili ditu, Off-eko ahotsa, adibidez, ikusitako testuei testuingurua emateko eta datuak eskaintzeko.

Zinemagilearekin batera egiten du bidea ikusleak ere, eta harekin batera jasotzen ditu administrazioaren ezezkoak eta baiezkoak, eta zuzendariarekin batera ezagutzen du kartzela.

Galdera gehiago

Espetxearen bilaketa bat da filma, irudiekin jaso ezin dena kontatzeko saio bat. Dokumentalaren eta saiakeraren artean kokatzen du Olaskoagak bere lana: «Idatzi, berridatzi, irudiak idatzitakoarekin lotu, elkarrizketa sortu, egindakoa muntatu, sortu... Saiakera baten prozesua izan da, finean».

Kontzertua abiapuntu hartuta, erantzunak baino gehiago galderak planteatzen ditu lanak. Eta ikuslea ideia batekin ateratzea: «Euskal Herrian bizi izan ditugun gauzak politikoki eta sozialki zalantzan jartzea, galdetzea zergatik bizi izan ditugun horrela... Ni nerabea nintzen, eta orain konturatu naiz: asko errepikatzen nuen entzuten nuena, pentsatu barik horrek zer esan nahi zuen». Helburu garbia du pelikulak: «Jendeak gauzak zalantzan paratzea nahiko nuke, ezkerreko zein eskuineko diskurtsoak. Biak izan daitezke oso monolitikoak eta batere malguak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.