Askatasunerako bidea

Aziz Ndayek eskuetan du jada bere bizikleta egokitua, Senegalgo Errepublikako lursail hondartsuan «lasai» ibili ahal izateko. Kellesensa GKEak antolatu du guztia.

Aziz Ndaye, bere bizikleta egokitu berria lehen aldiz probatzen. Ibilgailu horri esker, erraz asko egiten ditu eskolarainoko bost kilometroak. KELLESENSA GKE.
Ane Markina Auzmendi.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Aziz Ndayek 18 urte ditu, eta Kelletik (Senegalgo Errepublika) hamar kilometrora dagoen herrixka batean bizi da, aitarekin. Haren ama, berriz, lehen bizi ziren herrian dago, eta aitak irabazten duen diruaren zati bat bidaltzen dio. Ndaye hanketako malformazioarekin jaio zen. Mugitzeko indarra duen arren, ez da gai zutik jartzeko.

Orain arte, triziklo zahar eta txiki bat baliatzen zuen eskolara joan ahal izateko, baina Kellesensa GKE gobernuz kanpoko erakundeak eta Ordiziako Goierri eskolak (Gipuzkoa) bizikleta egokitu bat eraiki dute aurten Ndayerentzat, elkarlanean. Ekainean bidali zuten hara, eta gazteak eskuetan du jada bizikleta berria.

GKEak eginiko bidaietako batean ezagutu zuen gaztea Jose Martin elkarteko kideak, eta hitzeman zion trizikloa baino «zerbait hobea» lortuko ziola. Martinek adierazi duenez, kideei egoera azaldu zien segituan, eta denak proiektua aurrera eramateko prest agertu ziren. Ndaye pertsona eta ikasle «ona» da, eta ikaskideek «asko maite» dute.

Etxera iritsi baino lehen, proiektua finantzatzeko zenbateko bat lortu zuten: «Dakarretik Madrilerako hegaldian gindoazela, emakume batek galdetu zigun ea zer GKE mota zen gurea, eta, azaldu ostean, laguntzeko prest zegoela esan zigun». Emakumea Kanaria uharteetako (Espainia) ikastetxe bateko zuzendaria zen, eta ekitaldi batean lortutako dirua Ndayeren bizikleta egokiturako eman zien: mila euro orotara.

Behin etxera iritsita, Kellesensako kideak «lan eta lan» hasi ziren, Ndayeren bizikleta egokitua lortzeko. Martinek argitu du Senegalgo Errepublikatik iritsi eta lau egunetara Goierriko Eskolako zuzendariarekin hitz egin zutela, eta proiektua onartu zuela. «Asko poztu ginen. Proiektua eraikitzeko laguntza genuen, eta, gainera, haien bitartez zenbait hedabideren kontaktua lortu genuen, gure proiektuaren berri emateko». Partikularrez gain, bi enpresak parte hartu dute proiektuaren finantzaketan: Comercial Azkuek eta Salto Systemsek.

Horri esker, uste baino diru gehiago lortu zuten Kellesensa GKEkoek, eta, soberakinekin, Ndayeren goi mailako ikasketak ordainduko dituzte: «Oso eskertuak gaude jasotako laguntza guztiagatik: jendearen borondate onik gabe, proiektua ezingo genukeen egin», dio Martinek.

Bizikleta moldatua egiteko prozesua motela izan dela aipatu du Martinek. Bizikleta diseinatzen eta muntatzen hasi zirenean, COVID-19a iritsi zen, eta horrek prozesua moteldu zuen. Goierri eskola itxi egin behar izan zuten, eta eskola presentzialak eten.

Hala ere, bitartean, muntaketarako beharrezko datuak jasotzen aritu ziren: Kelleko lur mota, Ndayeren neurriak eta abar. Eskola presentzialetara bueltatu zirenean, «jo eta ke» ibili ziren bizikleta eraikitzen, eta, orain, Ndayeren eskuetan dago.

Bizikleta moldatuak saski bat du institutuko koadernoak eta liburuak garraiatzeko, eta elektrikoa da. «Bizikleta berri horrekin, askatasuna lortu du: orain ez du inoren laguntzarik behar norabait joan nahi duen bakoitzean, eta sozializatzen laguntzen dio», adierazi du Martinek.

Gainera, eskolara joateko arazorik ez du izango hemendik aurrera; lehen, batzuetan, ezagunen etxean edo eskolan geratu behar izaten zuen lotan, nekeagatik ezin zelako bueltatu herrixkaraino.

Hamaika proiektu

Aziz Ndayeren bizikleta egokitua sortzeaz gain, Kellesensa GKEkoak beste zenbait proiektu gauzatzen ari dira. Osasungintza arloan, inkubagailuak eta erditze oheak bidali dituzte Senegalera. Bestalde, Donostiako Udalak bizikletak eman dizkio GKEari, eta, horiei esker, eskolara joateko zailtasunak dituzten haurrei laguntzen diete. Martinek dioenez, kontuz ibili beharra dago bidaltzen dizkieten gauzekin, ez baitute zaborrik bidali nahi: «Beharrezkoak dituzten objektuak bidaltzen dizkiegu soilik, eta erabiliak izango direla dakigunak». Aldaketa horiekin senegaldarren bizi kalitatea hobetzea dute helburu erakundea sortu zenetik.

Kellesensa 2019an sortu zuten, Juan Kerejeta Asuncion klinikako zirujauak eta Aitor Lizarza kideak Senegalera egin zuten bidaia bati esker. Bidaia egiteko ideia Asuncion klinikan lanean ari zen Elhadji Ndene Diop sukaldari laguntzailearena izan zen. Senegaldarra da, Kelle herrian jaioa, eta beti esaten zien klinikako lankideei hara joan behar zutela, egoera ezagutzeko.

Hasiera batean, GKEak osasungintza arloko helburuak zituen soilik: sendagaiak eta ospitaleetarako beharrezkoak diren hainbat tresna eramatea, besteak beste. «Kellesensa sortu zenean, kide guztiek medikuntza arloarekin zerikusia zuten, baina, aurrerago, hainbat arlotako jendea sartu da elkartean, eta herrialdeko askotariko arazoak konpontzen saiatzen gara orain», azaldu du Jose Martin Kellesensa GKEko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.