Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Crowdfunding'-a hasiko dugu?

2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Proiektuaren crowdfunding kanpaina (finantzaketa kolektiboa) abian jarri eta 48 orduan finantzaketaren (4.500 euro) %50 osatu dute. Lerro hauek idazteko unerako, zehazki, 72 emari eta 2.719 euro bildu dituzte —aurrekontu osoaren %61—. «Nolakoa izan beharko luke Galesko (Erresuma Batua) komunikabide zerbitzu independente batek?». Hori da kanpainaren galdera eta horretarako eskatzen dute jendearen ekarpen ekonomikoa. Komunikabidearen negozio plana eta bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko, hain zuzen ere. Huw Marshall-ek abiatu du egitasmoa, azken lau urteak S4C Galesko telebistaren estrategia digitala zuzentzen aritu eta gero. Galesko telebistak 1982an hasi zituen emisioak—ETBren urte berean—, ingelesez eta galesez. Gaur egun, ordea, gales hutsez emititzen du S4Ck —ETBren alderantziz, hasieran euskaraz emititzen baitzuen bakarrik—. Galesaren hiztun komunitatea, bestalde, 650.000 lagun ingurukoa da Galesen —biztanleriaren %19 —.

Medio berriaren helburua da Galesko ikuspegia duten berriak ematea. Gainera, ekarpena egiten duen orok izango du proiektuaren gaineko jabetza. Newmedia.wales.com atariak dioenez, Erresuma Batuko populazioaren %32k soilik du konfiantza komunikabideetan; britainiarren %64k, bestalde, ezin ditu egiazko eta gezurrezko berriak bereizi; %6k bakarrik aitortzen du informatuta egotea; eta, azkenik, albisteak guztiz alboratzea aitortzen du populazioaren %20k.

Proiektua martxan jarri aurretik, ikerketa egin nahi dute bildutako diruaren erdiarekin; gainerakoarekin, berriz, eztabaida zabaldu, mintegi batean. Marshallek proposamen eta «aukera guztiak» aztertu nahi ditu aurretik, eta, ondotik, medio bakoitzaren —irratia, telebista, egunkari digitala...— negozio plana ezarri. «Dagoeneko existitzen diren ereduak ez dira aukera bat izango, ez baitute funtzionatu; pentsatzeko modu berriak behar ditugu, editorialki eta komertzialki», azaldu du. Sare sozialetan, gutxienez, eztabaida piztu da. Asko dira jada erantzun diotenak kanpainaren abiatzaileari: «Galesko hedabideak galzorian daude» eta benetako informazioaren etorkizuna komunitateak egindako «paperetan» dago.

Nolakoa behar luke Euskal Herriko hedabide zerbitzu independente batek? Crowdfunding kanpaina hasiko dugu, lagunok?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.