Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ez da anekdotikoa

2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Xanpain aparrak nola, batez besteko optimismo mailak nabarmen egiten du gora urte berriarekin. Aitzakia paregabea da asmo on handiegiak berritu eta gaizki eginak barkatzeko; lau zenbaki zahar horiekin batera, kale egin duguneko eta diguteneko guztiak ere atzean utziko bagenitu bezala. Horregatik, —ni ere urte berriaren itxaropen inozenteak jota nagoela— Miren Maniasek 2018an ETBren herrenak zein izan diren azalduz idatzi duen zutaberi kontrapuntua nahi nion jarri gaur. Behingoagatik, mezu naif eta baikor bat idatzi. Baina, aizue, nahita ere ezin.

Egun bat eta bakarra nahikoa izan da ETBk informazioa emateko duen moduarekin erreta gaudenak beste behin sumintzeko. Iñaki Apalategi bertsolariak salatu du Twitterren —froga gisa balio duen Youtubeko grabazio eta guzi—: herenegun iluntzean, artean urteko lehenengo egun ajetsua zela, 2018an izan dugun eguraldiaren errepasoa gaztelania hutsean eman zuten ETB1en. Hasi eta buka. Sare sozialetan galdetu duen arren, inork ez omen dio eman azalpenik.

Jakin-minak jota, Nahieran-en egin dut bilaketa. Dirudienez, eguraldiaren errepaso hori bera eman zuten 2018ko azken egunean ere. Bi hizkuntzatan: ETB1en, euskaraz; gaztelaniaz, ETB2n. Pentsatzekoa da, beraz, hurrengo egunean ETB1en gaztelaniazko bertsioa jarri izana ez dela asmo txarreko erabaki kontzientea izan, programazio akatsa baizik; langile gehienak senide artean edo ajeari buelta emateko ahaleginean dauden egun bat tokatu izanak eragindakoa, ziur asko. Kasualitatea. Zorte txarra.

Baten batek esango du akats txikia dela, barkatzeko modukoa, denok egiten ditugula halakoak. Egia da. Anekdotikoa litzateke, ez banu usteko nekez gertatuko litzakeela alderantziz; kexa, damu eta barkamen segida puskaz azkarragoa eragingo lukeela hala gertatuz gero. Anekdotikoa litzateke, azaleko kontua, edonork egin dezakeen akats ulergarria, ETBk ez balu, egunero egunero, gaztelaniazko edukia lehenetsiko bere erabaki eta egiteko moduetan. Fikzioan, iragarkietan, Olentzeroren ahotan, kolaboratzaileen ordainsarietan, albistegien hurrenkera eta iraupenean edo hauteskunde gauen jarraipenean. Hala izan da 2018an. 2019ari egun asko geratzen zaizkio. Eutsi diezaiogun, beste aste batez, optimismoari. Aldatzeko garaiz daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.