EKOGRAFIAK

Nor da Rosalia?

Miren Manias -

2019ko urtarrilak 16
Esango nuke telebistaren bolumena altuegi izaten dela askotan. Eta ez da soilik telebistarekin gertatzen; izan ere, unibertsitateko liburutegian, aldamenekoaren entzungailuetatik musika entzutea beste erremediorik ez dut izaten maiz. Printzipioz, bolumena jaisteko eskatuz konponduko nuke, baina gailuen soinu bonbardaketara ohitu gara eta bolumen altuarekiko gure erresistentzia handiagotu da. Nire ustez, txarrerako da. Soinu estimulu ugariz inguratuta gaude egunero, gero eta gehiago; etxean, kalean zein lantokian. Agian, zarata gehiegiz. Estimulu horiek guztiek eskatzen duten arreta maila, ondorioz, altuagoa ere bada. Nolakoa da gure arreta, ordea? Esango nuke telebistaren zein gainerako gailuen bolumena gehiegi igotzearen arrazoia hor dagoela. Alegia, inguruko zaratatik libratzeko igotzen dugula, gure arretaren zati handi bat bestelako soinu estimuluek xurgatzen dutelako.

Astelehen iluntzean, gurasoen etxera iristean, soinurik gabe zegoen piztuta telebista. Unibertsitate garaiak etorri zitzaizkidan burura, piper egiten genuen goizetan Maria Teresa Campos aurkezlea nahita mututzen genuenean, hain zuzen ere. TVEko 24H katea zuten piztuta gurasoek, eta eskerrak mututurik zutela —horregatik egin bainion kasu—. Une hartan ez nekien nor zen Katelyn Ohashi, baina haren gimnastika artistikoak txundituta utzi ninduen. Bideoa oso azkar zabaldu da sare sozialetan —eta ez da gutxiagorako—. Baina nor da Ohashi? Ez nuen motxila kendu, ezta berokia ere. Sakelakoa hartu eta Wikipedian begiratu nuen.

Katelyn Michelle Ohashi Seattlen (AEB) jaio zen, 1997an. Hiru urterekin gimnastika artistikoa praktikatzen hasi zen. 2009an, Texasera (AEB) mugitu eta Valeri Liukin egungo hautatzaile nazionalarekin entrenatu zen. 2013an, American Cup eliteko lehen lehiaketa irabazi zuen; talde bereko Simone Biles gimnasta ospetsuaren aurretik geratuz. 2014an, zoritxarrez, bizkarreko lesioa izan zuen Ohashik, eta urte osoan ez zen berriro lehiatu. 2015etik, berriz, Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) taldean «pozik» dabil; nahiago duelako «eliteko lehiaketek emakumezkoei eskatzen dizkiete neurri irrealen» presiorik ez izan. Ohashik elikadura arazoak izan zituela aitortu zuen 2018an.

Ez dakit nor den Rosalia, baina orain badakit nor den Ohashi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna