Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Galtzen ari dira

2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Iruditzen zait euskaldunok dena eztabaidatzeko joera dugula. Edo beharra. Nahi duzuen bezala jarri. Ezaugarri ona da, ez baitago garagardo on batekin mahai baten inguruan lagunekin edo senideekin eztabaidatzea bezalakorik—nahiz eta gertatu daitekeen ere, eztabaidaren arabera, hurrengo hilabeteetan haiek berriro ikusi nahi ez izatea—. Hemen, Eskozian, euskaldun batzuek ohitura horri eutsi diogu: sarritan biltzen gara afaltzeko edota zerbait edateko gutako baten etxean. Esango nuke, gainera, eskoziarrek gustuko duten kultura dela; izan ere, hemengoa, oro har, ez da gurea bezain soziala. Esate baterako, edariarekin. Euskal Herrian, eztabaidaren osagarria da; Eskozian, berriz, mozkortzearen sinonimoa da edaria. Janariarekin antzeko fenomenoa gertatzen da. Dena eztabaidatzeko joerak, baina, gehiegi eztabaidatzeko arriskua ere badakar. Saihetsezina da. Edo ez? Ideia bat egiteko, telebistako tertulia politikoak edo aktualitateko goiz magazinak horren adibide dira. ETB2ko En jake saioa —ez dakigu Xabier Lapitz aurkezlea edo solaskidea den (espero dut horregatik bi soldata ez jasotzea!)—, adibide bat aipatzearren. Esango nuke azken egunotan gutxi eztabaidatu dutela Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideek hasitako grebaz. Horregatik, besteak beste, ez nator bat Lander Arretxeak atzoko Ekografiak zutabean esandakoarekin: «Alferrikakoa azpidatziak vs bikoizketa eztabaida». Hain zuzen ere, eztabaidarik ez dagoelako. Bai, azken egunetan, dezente eztabaidatu da sare sozialetan auzi horretaz; baina izan gaitezen zintzoak: «Interesa ez du kalitateak pizten, indar mediatikoak baizik, boteretsuak galbanizatzen ditu kultura azpiratuak, eta definitzen ditu, bazterreko, periferiako, erregional, txiki, hura gabe ezdeus direla sinetsaraziz». Pako Aristiren hitzak dira BERRIAn, igandeko iritzi artikuluan.

Zer geratzen zaigu? Nik ez nuke esperantza galduko, Lander. Sinetsi nahi dut Bingen Zupiriak noiz edo noiz irakurtzen dituela gure gogoetak. Maite Iturbe Ekografiak zutabearen jarraitzaile amorratua dela. Eta Edu Barinagak ETBren fikzio arduradunarentzat, besteak beste, enkargu berezia duela. Hala ez bada, euskal komunitatearentzat kalitateko telebista publikoa zergatik ez diren egiten ari ulertzeko aukeretako bat berariaz galtzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.