Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Minutua

2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Azkenean bai. Ez egiteko dozenaka motibo zerrendatuta ere, ikusi dut Game of Thrones-en atal berria. Pisukideak sofan jarrita aurkitu ditut, proiektorea piztuta, nire zain. ETB1ek Espainiako Gorteetarako hauteskundeen harira antolatu duen debatea ikustea zen alternatiba. Ezin izan diet esan ezetz. Gustatu egin zait, gainera. Ez berrikuntzak edo ezusteko birak ekarri dituelako; ezpada, hastapenetako denboraldietan bezala, pertsonaien arteko botere jolasa gailendu zaileko gertakizun fantastiko eta belikoei. Minutu eskaseko elkarrizketekin, fronte bakoitzak tira nondik egin dezakeen iradoki dutelako; nork bere estrategia makiabelikoa buruan darabilela ikusaraziz. Gozatu dudalako gogoratuz zein azeriak diren denak, eta zeinen ondo hitz egiten duten.

Gelara erretiratu naiz bukatu denean, eta —filma aurrez ikusia duenak bezala, ilusio handirik gabe— debateari begira jarri. Bukatzen ari zen. Supituan iritsi dira itxiera ematen dion bakarkako azken ariketa puntuagarrira: boza eskatzeko minutura. Rafa Saiz de Rozasek (Elkarrekin Podemos), Joseba Agirretxeak (EAJ), Maria Luisa Garciak (PSE-EE), Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) eta Laura Garridok (PP), bakoitzak bana. Puntuagarria idatzi dut, baina bertsolaritzarekin alderatuta, ariketak gehiago du agurretik kartzelako gaitik baino. Librean aritzea baimentzen da eta etxetik prestatua ekar daiteke: ispilu aurrean edo aholkulariekin nahi bestetan entseatuta.

Izango da exigente samar nengoela, Game of Thrones-eko pertsonaiekin alderatuta, nortasunik gabeko hitz-totel zalantzatiak dirudigula denok. Baina zer nahi duzue esatea: oso kaskarra iruditu zait maila. Ikus-entzunezkoa formatu injustua da: esateko moduarekin asmatzeak balio handiagoa hartzen du edukiak berak baino. Eta bost politikariek ezin izan dute minutu horiekin ikusle bakar baten atentzioa bereganatu. Are gutxiago hunkitu edo konbentzitu. Azalpenak asko dira: batzuen zailtasunak hizkuntzarekin, besteen grazia falta, edo oro har, prestakuntza lanetarako denbora urria. Baina denek dute zer hobetua: ikus dezatela Game of Thrones; kontrata dezatela aspaldian fikzioa egiterik izan ez duen aktore-zuzendari eta gidoilari bana; edo egin dezatela bertsotan, sikiera baten bat harritu, eta gero Hitzetik Hortzera-n agertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.