Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Harri potoloak eta urre pipitak

2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Telesailen olatu amaiezinaz aritu nintzen asteartean, eta gaurkoa baliatu nahiko nuke olatu horrek sortutako uholdean murgiltzeko. Azkenaldian, sentsazioa dut plataformak erabakitzen duela zer ikusten dudan, eta ez nik. Eta egia esaten badizuet, deseroso sentitzen hasia naiz sentsazio horrekin.

Pirata izan naiz, onartzen dut, oso pirata. Baina denbora luzean zehar hautu hori kontzientziazkoa eta argudiatua izan da. Ezin nuen ulertu zegoen ekoizpen kopuruarekin eta teknologia berrien iraultzak eskaintzen zituen aukerekin, telebista kate edo zine aretoen programazio mugaturen eta torturatzailearen menpe egon behar izatea. Hala, industria sareak zabaldutako aro berri honetara moldatu arte pirata izango nintzela erabaki nuen. Betiere, diru kopuru zentzudun baten truke katalogo zabal bat eskaintzen ez zuten bitartean. Netflix agertu zen egunean partxea mesanotxean utzi, eta agur esan nion nire pirata bizitzari.

Hasiera ederra izan zen. Katalogo guztia berria zen niretzat, eta ikusi gabe nituen harribitxiak ikusteari ekin nion. Apurka, ordea, ikusi gabekoen zerrenda agortzen joan zen, eta plataformek eskaintzen zidatena ikusten hasi nintzen galbaherik gabe. Konturatzerako katalogoan egongo ez balira sekula ikusiko ez nituen hamaika ekoizpen ikusi nituen, eta ezusteko positiboak, urriak ziren.

Eskuak zabalik nengoenjario etengabe baten azpian, eta sentsazioa nuen harri potoloak heltzen ari nintzela urre pipitak hatzen artean ihes egiten zidaten bitartean. Erosotasunera pasatu nintzen. Nahiz eta nire kontzientzia eta koherentzia salbu zeuden, galtzen atera nintzelakoan nintzen, eta naiz. Horregatik, izugarrizko ilusioa egiten dit inork gomendatu gabeko harribitxiekin topo egiten dudanean. Horrela ezagutu nuen Bron/Broen eta horrelaxe gozatu dut azken astean AMC kate amerikarraren The Terror borobila.

Dan Simmonsen nobelan oinarrituta, 1845ean Artikoan desagertu zen Franklin espedizioaren fikzio bilakatutako istorioa kontatzen du. Izotz artean harrapatutako bi itsasontzi horien gorabeherak modu bikainean kontatuak daude, errealizazio zein gidoiaz gozatzeko aukera eskaintzen duen erritmoan eta aktore lan izugarri batekin. Halako pipita gehiago gera daitezela nire hatzen artean, arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.