Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Hache'

2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Nor da Veronica Fernandez? Hori galdetu dut Netflix Originals markarekin estreinatu berri den Hache (Weekend Studios) telesaila ikusi ondotik. Zortzi atalez osatua dago lehen denboraldia, eta 45 minutu inguruko iraupena du bakoitzak. Thriller horren istorioa Bartzelonan kokatzen da, 1960ko hamarkadan. Helena (Hache) da protagonista nagusia, eta heroina trafikoan harrapatuta dago. Fernandez da telesailaren gidoigilea, eta horrela aurkezten da atal bakoitzaren hasieran: «Hache, Veronica Fernandezek sortua», alegia. Fernandez Netflixeko International Originals saileko eduki arduraduna da 2019ko apiriletik. Ibilbide luzeko emakumea da, urte luzez arlo akademikoan zein profesionalean aritutakoa. Oro har, gidoigile gisa egin du lan. Besteak beste, El Síndrome de Ulises, Cuéntame, Hospital Central, El Príncipe, Ciega a citas, Seis hermanas eta Velvet Colección telesailetan. Horrez gain, antzerkia eta literatura lanak ere idatzi ditu. Carlos III Unibertsitatean, bestalde, gidoigintza masterreko koordinatzailea da.

Dioenez, Helena sinbolo bat da. Ez besterik. Hau da, gangster nagusiaren emakumea izan nahi ez duen andrean jarri du fokua, hark defendatzen dituen balioak nabarmentzeko. Hachek bizirik irauteko forma bakarra du droga trafikoan murgiltzea; hain zuzen, bere bizitza arriskuan jarriz. Beraz, kontraesan ugariz betetako pertsonaia da. Eta horrek egiten du indartsu. Gainerako osagaiak istoriorako gehigarriak dira. Gangsterrarekin bizi duen amodiozko istorio bizia, espetxetik atera behar duen senarra, lagun batekin bizi den alabaren zaintza...

Neurri batean, intentsitate horren isla da kolore ilunen presentzia handia. Une askotan, telesailak Sin city (2005) filma ekarri dit gogora. Bereziki, lehen denboraldiko azken atalaren amaieran; Hache autoaren barruan dagoenean, kanpoaldeko suteari begira. Justuki, garai hartako giroa emateko, auto zaharren gehiegizko erabilera dago. Esango nuke beste elementu batzuk gehiago tartekatu edo erakutsizitezkeela. Adibidez, orduko tabako paketeak, telebista zein musika gailuak eta egunkariak. Bestalde, bigarren mailako pertsonaien garapen txikia dago. Ondorioz, bigarren denboraldia egongo dela pentsa liteke. Bereziki, ikusleak espero ez duen amaiera azkarra eman diolako Fernandezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.