Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Okerreko jarrera

2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Euskal audientziaren zati handi bat ez gara Edu Barinaga ETBko zuzendariaren iritzi berekoak. Ekografiak zutabearen jarraitzaileek dagoeneko badakiteETBren gabezietako batzuk zeintzuk diren: Nahieran zerbitzu eskasa, euskarazko fikziorik eza, eta ETB1en eta ETB2ren arteko desoreka baliabideei dagokienez, besteak beste. Barinagaren arabera, ETB1en fikzioa sortu eta errekurtso gehiago izatea beharrezko dira, «benetan igar dadin euskarazko katea apustu sakona eta etorkizunekoa dela». Baina ez da erraza. «Errazena da esatea baliabide gehiago behar direla, apustu egin behar dela horretan... baina telebista munduan zaila da». Ez hori bakarrik: «Gizarteak ez pentsa hor oso zintzo jokatzen duenik», erantsi du. «Gauza bat eskatzen baitu, eta gero beste bat ikusten». Hau da, ETBri eskatu egiten diogula, baina eman ere egin behar zaiola. Barinagari fraide batek honako hau esaten omen zion eskolan: «Ez dago protestarik, proposamenik gabe». Horregatik, «kezkatzen» da «unibertsitateko irakasleek eta soziologoek» ETBren gaineko kritikak egiten dituztenean. «Ez dira planteamendu eraikitzaileak, ezta ondo hausnartutakoak ere; ni ez nintzateke ausartuko inoiz unibertsitateari buruz edota soziologiari buruz hitz egiten», esan du. Bestalde, Barinagaren arabera, orain arte jasotako euskarazko fikzio proiektuak ez dira «oso lehiakorrak» izan. Horregatik ez da egon fikzio eskaintzarik denbora honetan.

Barinagaren jarrera okerrekoa da. ETB zerbitzu publikoa baita, eta ez dugu bertako funtzionamendua ezagutu behar kritikatu ahal izateko. Demagun gure herriko osasun zentrora joaten garela eta ez gaudela bertako zerbitzuarekin gustura. Ezin dugu kexarik adierazi? Erizaina ala medikua izan behar dugu zerbitzu publikoa kritikatzeko? Euskal herritarron eskubidea da gure iritzia ematea gure telebistaz. Eta positiboa ez den kasuetan, telebistaren zuzendariak gure zergekin finantzatzen den erakunde publiko horren arazoei irtenbideak bilatu behar lizkioke. Telebista saioek gizartearen erantzunik izan ala ez. ETBren xedea ez baita dirua egitea. Zerbitzu bat eskaintzea baizik. Beraz, uste izan badu ez dela mailarik egon azkenaldian jasotako fikzio proiektuetan, joan zedila horien bila bere lantaldearekin. Horretarako da ETBko zuzendaria: kritikak jaso eta irtenbideak eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.