Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'La hora musa'

2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Musika saioa da La hora musa (La2). Zuzeneko emanaldia astearteetan da, 23:00etan. Gainerako egun eta orduetan, TVEko nahieran zerbitzuan ikus daiteke. Aurtengoa saioaren bigarren denboraldia da. Iazko urriaren 12an estreinatu zuten lehen atala; eta azkena, berriz, 2019ko urtarrilaren 1ean. Guztira, hamabi atal. Telebista programak bigarren denboraldia izango ez zuela pentsatzen hasiak geundela, atal berriak estreinatu zituzten pasa den urriaren 1ean. Dagoeneko, bederatzi saio eman dituzte.

Ordu bateko iraupena dauka La hora musa-k, eta zuzeneko musika emanaldiak, elkarrizketak eta erreportajeak tartekatzen dituzte. Aurkezle lanak, zehazki, Maika Makovski musikari eta aktorearen esku daude. Horrek, aldi berean, kolaboratzailea du aldamenean: Ramiroquai Radio3ko kazetaria. Espainiako zein munduko musika jaialdiak bisitatu, eta horiekin erreportajeak egiten dituena, hain zuzen. Platora ere joaten da azken hori, Makovskirekin solasteko eta egindako bideoari paso emateko.

Oro har, Espainiako musika taldeak izaten dira gonbidatu nagusiak (El Niño de Elche, Hidrogenesse, Silvia Perez Cruz, Anni B Sweet, etab). Batzuetan, bi talde edo bakarlari bana ekartzen dituzte platora. Guztira, hiru astero. Halere, kanpora begira ere jartzen dira, eta munduko musikari ospetsuak ere izaten dira protagonistak (The Hives, Cat Power, Curtis Harding, Franz Ferdinand, eta abar). Platotik kanpoko lana ere badago; izan ere, musika talde berriak ezagutzera joaten dira, eta zuzeneko emanaldi laburrak ekoizten dituzte haiekin.

Saioak harrera ona jaso zuen lehen denboraldian: 182.000 eta 387.000 ikusle artean, hain zuzen. Bestela esanda, %1 eta %2 arteko ikusle kuota. Bigarren denboraldiak, gainera, ildo beretik jarraitzen du: 250.000 (%1,8) lagunek ikusi zuten lehen atala, eta azkena, aldiz, 152.000 (%1,1) ikuslek. La hora musa-k sare sozialetan ere ematen du bere berri: Twitteren, Facebooken eta Instagramen, besteak beste. Areago, bigarren denboraldi honetan, zuzeneko musika emanaldiak eta grabatutako material osagarria audientziaren eskura jarri dituzte La2eko Youtube kanalean.

Ez dakit zuek, baina nik musika saio baten hutsune handia sumatzen dut euskal telebista publikoan. Bereziki, prime time ordutegian. Halako eskaintza balitz, gustura ikusiko nuke. Aukeran, euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.