Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'The Irishman', aretoetan

2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Hiru ordu eta hogeita bederatzi minutu. Hori da Martin Scorsese (1942) zinemagile amerikarraren azken filmak irauten duena: The Irishman (Irlandarra). Azaroaren 27an estreinatu zuen Netflixek munduan, aurretik AEBetako zinema areto gutxi batzuetan eman ondotik. Lehen asteburuan, zehazki, New Yorkeko hiru aretotan eta Los Angelesko bost aretotan eman zuten. IndieWire aldizkariaren arabera, filmak 316.000 euro bildu zituen epe horretan. Hau da, batez beste, 39.000 euro areto bakoitzeko. Bigarren asteburuan, berriz, 22 zinema aretotara zabaldu zituzten emanaldiak. Eta Scorseseren filmak 397.130 euro eskuratu zituen. Guztira, 848.415 euro hamar egunetan.

Hirugarren asteburuan, diru-bilketak ez zuen beherako joerarik izan: 1,13 milioi euro, 175 zinema aretotan. Ezta laugarrenean ere: 1,08 milioi, 200 zinema aretotan. Areago, Netflixen eskuragarri egon arren, The Irishman 500 zinema aretotara hedatu zuten bosgarren astean: 900.000 euro bilduta. Seigarrenean, aldiz, 320 aretotan eman zuten, eta zifra onak eskuratu zituen oraindik ere: 406.000 euro inguru. The Numbers zinema industriako datuen webguneak dioenez, filmak sei milioi euro bildu ditu Ipar Amerikan; eta 728.000 euro inguru gainerako lurraldeetan. Guztira, 6,7 milioi. Beraz, ondo bidean, zinema aretoetan Netflixek estreinatu duen film arrakastatsuena bihurtu da The Irishman.

Modu zabalean estreinatu balitz, zinema aretoentzat gozoki izugarria izango litzateke. Are gozoagoa kontuan hartzen badira filmaren 209 minutuko iraupena eta ekoizpenak izandako aurrekontu altua: 135 milioi euro. Ildo horretan, esango nuke Netflix aukera polita galtzen ari dela. CNBC telebista estatubatuarrak esan bezala, «milioika euro mahai gainean uzten ari da; The Irishman-ek, etxeko aretoetan bakarrik, 90 milioi dolar bildu zitzazkeelako». Datu bat: lehen asteburuan, eskaera handia zela eta, 58-77 euro artean saldu ziren zinema aretoetako hainbat sarrera. Edo beste bat: egun, edukiak sortzeko Netflixen zorra 10.000 milioi eurokoa da —eta gora doa—.

Euskal Herrian ez dute estreinatu pantaila handian; beraz, telebista izan da filma ikusteko aukera bakarra —Netflix bideo plataformaren harpidetza ordaintzen dugunontzat, behintzat—. Azken asteetan, denetik irakurri eta entzun badugu film horri buruz, ikustea gomendatzen dizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.