Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Gabonak telebistan

2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Bake, maitasun, ibuprofeno eta antiazido egun zoragarri hauek baliatuz, Gabonetako guilty pleasure-ez hitz egin nahi dizuet. Edo, normal hitz eginda, gustuko ditugula onartzeak lotsa ematen digun plazer txiki horietaz. Onartu ezazu, egun hauetan, Golumen antza izaten amaitu duen eta etxean bakarrik utzi zuten haur ilehoriaren abenturekin gozatu duzu, beste behin ere. Edo sofa gainean dantzan aritu zarete Danny eta Sandyren kantuak txikitzen zenituzten bitartean. Ez! Ile zein zuhaixkak dotoreziaz mozteko gai zen mutil zurixkarekin hunkitu zarete, ezta?

Guilty pleasure-ak zoragarriak dira. Gauza ederra da inguruan duzun haur bat aitzakia, Tartalo, Galtzagorri edo Kukubiltxorekin beste behin gozatzea. Edo Nicholas Cageren edozein zatarkeriatan murgiltzea. Gabonetan, Tea Leonirekin egin zuen hartan, bereziki. Edo aizu! Sandra Bullock, metroan bizitza salbatu ondoren, lokartutako Bill Pullmanez maitemindu zenekoan! Badira film batzuk ikusteaz sekula aspertzen ez zarenak, baina zinemari buruzko eztabaida batean sekula aterako ez zenituzkeenak, eta Gabonak dira zalantzarik gabe film horiek ikusteko egunik hoberenak. Gogoratzen Schwarzeneggerrek semeari Turboman bat erosi behar izan zionekoa? Edo Broderickek eta DeVittok Gabonetako argien harira III. Mundu Gerra hasi zutenekoa? Edo... Tom Hanks jostailuzko piano baten gainean dantzan ikusi genuenekoa?

Askotan entzun izan dut bigarren zatiak ez direla onak izaten. Ba, film eder horiek tontakeria horren aurkako sendagaia ere eskaini digute. Edo ukatuko didazue Whoopi Goldberg moja kantariaren bigarren abentura lehena baino askoz hobea dela? Nola ahaztu Rita, Ahmal eta gainontzekoen kuadrilla? Ederrak dira, bai, guilty pleasure-ak, eta gure etxean ere, badugu gurea.

Guk, Gabonetan, solemnitatez apalategira gerturatu, edizio berezia atera, DVD irakurgailuaren parean belaunikatu, kutxa kontu handiz zabaldu, eta diskoa sartzen dugu. Bertan, Erresuma Batuko lehen ministroa dantzan ikusteko, azkenaldian espioi paperak soilik egiten dituen ipar irlandarraren semea nola maitemintzen den ikusteko, zonbi artean burua galdu duen tipoa kartel mordoxka batekin Bob Dylanena egiten ikusiz auzo lotsa sentitzeko. Eta bereziki, ondo pasatzeko. Gozatu zuek ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.