Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Puntuak lotzen

2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Bretainian gizon batek bere emaztea eta seme-alabak erailko balitu, ETBko albistegia zabalduko al luke berriak?», galdetzen zuen aurrekoan Ekhi Erremundegi egunkari honetako kazetariak Twitterren. Argi dago erantzuna ezezkoa dela, eta aldi berean, gauza berbera Katalunian eta Murtzian gertatuz gero, kontua desberdina izango zela.

Tú al norte y yo al sur saioa gogoratu dut. ETB2n eman zuten, eta bertan familia euskaldun eta andaluziarren artean familia trukeak egiten zituzten. Uste dut bi denboraldi egitera iritsi zirela... Bitxia da, iparra eta hegoa zeintzuk diren erabakitzeak nola eraiki, edo suntsitu, dezakeen herri baten irudikarioa. «Zu iparraldera eta ni hegoaldera» bada ideia? Zergatik ez ote dute Angeluko familia bat Tuterara bidali, edo alderantziz.

Errugbi zaleak gara etxean. Urtean behin baino gehiagotan joaten gara Iparraldera kirol eder horren punta-puntako lehiez gozatzera. Aurten, Baiona Top 14an ari da berriz ere —borrokatu beharko badu ere, maila mantentzea eskuan du—. Bestetik, Biarritz garai txarrak bizitzen ari da PRO D2 mailan eta desagertzeko arriskuan dagoela ere irakurri dut. ETBn ezer gutxi eguneroko kirol tartean; noizean behin, aleren bat. Espainiako futbol ligaz, ordea, behar dudana baino informazio gehiago dut, askoz.

Aurrekoan ETBko errepikapenak ikusten igaro nuen goiza berriz ere. Joseba Argiñano Orozkon zebilen Sukaldaria saioan. Halako batean, bertako hizkuntza ez zuen emakume indartsu bat elkarrizketatzen hasi zen. Zugarramurdikoa zen, baina Orozkoko batekin maitemindu, eta bertan bizi izan da azken 50 urteetan, Euskal Herri osoan ezaguna omen den ogi bat eginez, ogia irabazten. Biekin aritu zen hizketan Joseba eta liluratuta irentsi nuen elkarrizketa osoa. Zerbait piztu zitzaidan barnean eta oso ziur zer zen ez banekien ere, argi nuen gaurko Ekografiak tartean aipatu behar nuela.

Amaitzeko, ETBko kanpaikaden ikusle datuekin tupust egin dut: 125.000 ikusle (%13,7) ETB1en, eta 85.000 (%9,3) ETB2n. Erronkaritik zuzenean, bi kateetan saio berbera, euskaraz nagusiki, aurrekoan kontatu nizuen moduan. Iaz baino 10 puntu gehiago. Buruan ditut gauza horiek guztiak bueltaka, baina zaila egiten zait diskurtso bateratu bat egituratzea. Puntuak lotzen lagunduko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.