Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Lo de Évole'

2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Telebista ikusle asko ginen Jordi Evole kazetari katalanaren saio berriaren zain. Denbora luzez aritu dira Atresmediako kateetan (La Sexta eta Antena3) espazio horren estreinaldia iragartzen: Lo de Évole. Luzeegi, beharbada. Azkenean, iritsi da. Igande gauean estreinatu zuten lehen atala (La Sexta, 21:25), ordubete ingurukoa. Hamaika urte luzez Salvados egiten aritu ondotik, konplexua izan behar du aldaketak kazetariarentzat. Kontua da Evolek ez duela eduki berritzailerik sortu nahi izan saio honekin. Baina baliteke haren alderdi pertsonala gehiago ezagutzeko aukera izatea.

Gurasoekin bazkalorduan edo afalorduan duen elkarrizketarekin hasten da lehen eszena. Modu oso naturalean, gainera. Soinuari izugarrizko garrantzia ematen diote hemen. Finean, grabatzen ari diren elkarrizketak ez du gidoi zehatzik eta giro intimoa lortzea beharrezkoa da. Emaitzak ez du preziorik. Audientzia, kasik, kazetariaren terapia psikologikoaren aurrean balego bezala sentitzen da. Aitak, zehazki, saio berriaz galdetzen dio Evoleri: «Nola doa?». «Evole jarri diot izena», erantzuten dio. «[Salvados-en] hurrengo egunean denek amaitzen dutelako esaten: Ikusi duzu Evolerena?». «Bueno, hainbeste Evolek ere nekatu egiten du», esaten dio aitak.

Lehen atalerako, Jesus Quintero kazetari andaluziarrak 90eko hamarkadan egindako Cuerda de presos saioa berregin nahi izan du Evolek. Espainiako kartzeletako presoei egindako elkarrizketetan oinarritutako saioa, hain zuzen. Egun, ordea, telebista kartzeletara sartzea zailagoa da. «Espetxe sistemari gerta dakiokeen gauzarik okerrena baita, kartzeletan gertatzen denari buruz hitz egitea. Kanpora begira oso ahula da. Beraz, barrualdeaz zenbat eta gutxiago hitz egin, hobe». Adierazpen horiek Quinterok elkarrizketatutako preso ohi baten hitzak dira. Evolek lehen atalerako grabatutakoak. Kazetariak ez duelako metatelebista egitea baino beste erremediorik. Hau da, Cuerda de presos berregiteko prozesu konplexua erakustea.

Baina ez da edozein modutako kontakizuna. Bereziki, azken hamar-hamabost minutuak dira bizienak. Ikusleak ezusteko handienak hartzen dituen unea. Evoleri argi berdea ematen diote kartzelara sartzeko. Zehazki, Oriol Junqueras preso politikoa elkarrizketatzeko. Baina hori bigarren atalean ikusi beharko dugu. Nola bestela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.