Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Gosea, talentua, kultura

2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Besoak zabalik hartu genuen Etxekoak izeneko telesail berriaren albistea. Konfinamenduaren gaineko umorezko saio berri bat ETB1en, alegia. Arrazoia sinplea da: aspaldiko partez, fikzioa, euskaraz, eta gure telebista publikoan. Dirudienez, ikusle andana bildu ziren pantaila txikiaren aurrean herenegun, aurreneko atala ikusteko. Guztira, 22.000 lagun erakarri zituen, eta batez besteko %2,5eko ikusle kuota eskuratu. Zorionak! Marka ona da, halere, euskarazko katearen eguneko batez besteko kuota zero azpitik geratu zen: %0,9. Saio berriaren emaitzak, beraz, balio beharko luke, gutxienez, erakunde horretako agintariek aintzat har dezaten euskarazko fikzioa ikusteko euskal publikoaren gosea. Ez dut uste emaitza hori konfinamendu garaian gaudelako izan denik, ezta sare sozialetan ezohiko promozioa egin diolako ETBk telesail berriari, baizik horrelako saio gehiago behar ditugulako.

Bestalde, telesail berriko aktoreen lana nabarmendu nahi nuke. Hainbat aurpegi ezagun daude. Ibilbide profesional ezberdinekoak. Gazteek zein helduek ezagutzeko moduak. Besteak beste, Ylenia Baglieto, Miren Arrieta, Joseba Usabiaga, Miren GaztaƱaga, Mikel Laskurain, Miren Gojenola eta Kandido Uranga. Lehen ataleko gidoia ez zitzaidan izugarria iruditu, baina euskal aktoreen artean talentu handia dagoela erakusteko ere balio beharko luke telesail berri horrek. Grabaketa prozesu zailetan, ordu txikitako elkarrizketa zoroak, etxeko balkoian sortutako maitasun istorioak, teknologia deskubritzen dabiltzan gurasoak, bikote urtebetetze festak... birtualki antzezten eta gogo handiz ari direnak. Horietako gehienak, ziurrenik, modu prekarioan bizi diren aktoreak izango dira.

Gustura ikusi nuen lehen atala. Barre batzuk bota nituen. Horietako batzuk nahiko ozen, gainera. Beharbada, krisi egoera honetan aurki ditzakegun istorio errealagoak sumatu nituen faltan. Esaterako, lana galdu duten pertsonenak, baldintza eskasagoetan bizi direnenak, jendea zaindu behar dutenenak edo gaixo daudenenak. Eta kultur sorkuntza, beste gauza askoren artean, horretarako balio beharko luke. Egoera prekarioak edota gizarte ezberdintasunak erakutsi eta salatzeko. Jakin badakit komedia dela telesail berri horren ardatza, baina garestiago irten dakiguke kultura eza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.