Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

'Antipatriko' baten aburuak

2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Egilea eta obra bereizi behar dira eta obra epaitu, ez egilea, badakigu. Baina egileak—eman dezagun Fernando Arambururi buruz ari garela— esaten baldin badu euskal idazleok ez garela nahi duguna idazteko libre ikastetxeetan gure lanaz hitz egiteko egiten dugun saio bakoitzarengatik Eusko Jaurlaritzak (Euskal Idazleen Elkartearen bidez) 400 euro ematen dizkigulako (berez, 208 euro ken PFEZ dira, dietarik gabe, bidaiaren gastuak idazleak bere gain hartuta, berdin dio Laudiotik Tuterara joan behar badu ere, eta gutxik izaten dute urteko pare bat saio baino gehiago), eta egileak esaten baldin badu euskal literatura koldarregia izan dela beti ETAren kontra idazteko (liburu interesgarri mordo bati ezikusiarena eginez), horrela bere burua eta bere nobela ausardiaren gailurrean ezarriz, bada... horrela oso zaila da nobela egilearengandik bereiztea, eta baita nobela horretan oinarritutako telesaila ere, are gehiago nobelaren egileak harropuzkeriak jaurtitzen jarraitzen baldin badu, hala nola Euskal Herriko herri txikietako jende askok bere liburua ezkutuan erosten duela, Donostiara joanda, eta handik etxera porruen azpian ezkutatuta eramaten duela.

Horregatik guztiagatik, nobela irakurri gabe nuen arren, antipatria nabarmena adierazten zuen nire bekozkoak Aitor Gabilondiren Patria telesaila ikusten hasi nintzenean. Gero, ikusten hasita, berehala egiten da agerikoa bando oneko eta bando gaiztoko pertsonaien arteko manikeismoa, baita pasarte batzuen sinesgarritasun falta larria ere, eta horrek are antipatrikoago egin nau, nahiz eta, alde horretatik, ez den La línea invisible baino okerragoa, gertuko adibide bat jartzearren. Hala ere, telesailak baditu eszena ederrak, kontaketak nahiko ondo egiten du aurrera, ikusten jarraitzeko gogoa pizten du eta, inolako dudarik gabe, aktoreen lana ikaragarri ona da.

Patria ez da, ez telesaila behintzat eta nobela ere ez seguru asko, euskal gatazka —Iban Zalduak La Cosa deitzen dion hori— ezagutzeko edo interpretatzeko fikzio lanik onena, are gutxiago aitzindari heroiko eta beharrezkoa arlo horretan. Baina ematen du zer pentsatua. Fikzioaren bidez jasotzen dugu urrutiko gatazka askoren berri, eta horietan oinarritzen dugu gure iritzia. Patria ere ez ote genuke oso-osorik sinetsiko hemen bizi beharrean hortik zehar bizi bagina?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.