Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Mugak, mugak, mugak

2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Hilean behin, Euskal Herritik eta euskara hutsean egindako zazpi minutu inguruko tokiko albistegia eskaintzen hasi da France3, Rene Garat aurkezle dela, eta Helene Harte erredaktoreburu. Hala jakinarazi zuen BERRIAk igandean. Albistegi berriaz gain, euskarazko beste bi saio ere eskaintzen ditu France3k: Magazine eta Txirrita. Ipar Euskal Herria da, jakina, France3ko informazio saio horien guztien esparrua, ETB1eko Iparraldearen orena bezala.

Berri pozgarria da, ezer ez dagoen lekuan gutxi izatea albiste ona baita. Pozgarria izan zen, gisa berean, joan den astean Eztabaidan saioko une batean, Klaudio Landa entzutea gogora ekartzen saio horretako parte-hartzaileentzat Ipar Euskal Herrian gertatzen dena ez dela han edo hor gertatzen, hemen baizik, edo antzeko zerbait. Zazpi lurraldeetakoa dela saioa, alegia, teorian behintzat.

Pentsatzekoa da teoria hori ETB1 osoari aplikatu ahal zaiola, ez Eztabaidan saioari soilik, eta ETB1 osoari aplikatu ahal bazaio —edo behar bazaio— baita ETB2 osoari ere. Horregatik, probetxu handikoa da Atrápame si puedes saioak ETB2ko ikusleei Tamara, Andres Pajares, Ylenia, Bertín Osborne, Leticia Sabater, La Terremoto de Alcorcón eta gisako izenak zabaltzeko egiten duen ahalegina, Ipar Euskal Herrian bestela ez baitute merezi duten oihartzun eta aitortzarik. (Xabier Euzkitzeri zor diot irakurtze hutsarekin arima suspertzen duen izen zerrenda hordigarri hori, Noticias taldeko egunkarietan argitaratutako Nora ez artikuluan xeheki eman baitu Atrápame si puedes-en balentriaren berri). Nekez irudika daiteke halakorik lehiaketaren TV3ko bertsioan, Atrapa'm si pots katalanezkoan.

Dena den, muturreko kasuak aipatuz egin daitezkeen komentario ironikoetatik harago, aitortu behar da ez dela kontu erraza mugena. Esan egiten dugu mugak geure buruan daudela, geure esku dagoela horiek ez baleude bezala jokatzea, baina ez da egia, mugak hor daude, errealak dira, eta neurri handi batean hedabideek ezartzen dituzte, nahita eta berariaz batzuetan, nahi gabe eta inertzia hutsez beste batzuetan.

Esan egiten dugu mugak geure buruan daudela, baina Jose Luis Otamendiren Manexak ipuinean Euskal Herri independenteko Zuberoara bidaiatu duenak badaki kontua korapilatsuagoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.