Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Idolatriaren pozoia (eta II)

2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun

Atzoko ekografiaren gaiarekin jarraituz —Maradona laudatzearen, mirestearen edo idolatratzearen zilegitasuna haren jokabide misogino eta/edo matxistak aintzat hartuta—, beste kontu asko etorri zaizkit gogora.

 

Victor Jara kantari motibo askorengatik miresgarria etorri zait burura, adibidez, El derecho de vivir en paz kantatzen eta Ho Chi Minh ohoratzen (tío Ho deitzen dio, osaba Ho); eta ondoren Isabelle Clarke eta Daniel Costelleren Apocalipsis: la guerra fría dokumentala, TVE2n, Ho Chi Minh ehunka lur-jabe desjabetu, exekutatu, torturatu edota kartzelan gosez hil arte utzi zituen agintari krudela izan zela jakinarazten. Feminismoaren alderditik begiratuta ere, La flor que anda de mano en mano kantuan ez zen asko luzitu Jara, izenburutik hasita. Baina, nahita eta saiatuta ere, ezingo lidakete kantu horiek Victor Jara, idolatratu gabe, miresten jarraitzea eragotzi.

Miguel Indurainengan ere pentsatu dut. Mirespen handia izan diot beti ziklista garaian erakutsi zuen talentu ikaragarriarengatik eta talentu hori kudeatzeko modu pausatu, zentzudun eta errespetuzkoarengatik. Eta egon naiz pentsatzen zer burutazio izango nituen egun hauetan Maradona Indurain bezain miretsia banu, edo, bestela esanda, Induraini buruz Maradonari buruz esan direnak esan balira, salatu direnak salatu balira, frogatu direnak frogatu balira. Ez dut uste Indurain, ziklista izan zen garaiko Indurain bederen, miresteari utziko nionik. Idolatratu ez, baina miretsi beti.

Gorputz bakarra daukagu, buru bakarra, bihotz bakarra, baina gure adimenak adar eta azpi-adar ugari ditu eta gure hunkimenak ezin konta ahala eta ezin kontrolatu ahala.

Alde horretatik begiratuta, uste dut, aniztasun eta atomizazio ideologiko gero eta handiagoko garaian bizi garenez, gero eta polemikoagoak eta kontuz ibiltzekoagoak izango direla omenaldi publikoak, batez ere diru publikoz ordaintzen direnak.

Mirespenak mirespen, idolatriak idolatria eta kontuak kontu, ausarta eta eskertzekoa iruditzen zait Izarok Gaztea Sarien banaketa ekitaldia gai honi heldu zion bezala heldu izana. Ez zitzaion erraza gertatu, hala zirudien behintzat, baina ez zen kikildu. Eta zer pentsatua eman zigula ez dago ukatzerik. Ni saiatu naiz pixka bat behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.