Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Kazetaritzaz eta kartzelaz

2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gaur egungo euskal kazetaritzan «meritu handiko gauzak egiten dira, baina oihartzun oso txikia izaten dute», Iñaki Uriaren ustez. «Hori da gure zoritxarra. Denak oso burbuila txiki batean gelditzen gara. Oso zaila da gaur egun arreta lortu eta mantentzea, are gehiago txio bat ia-ia entziklopedia denean eta Instagramen munduan bizi garenean.

Ikusita bai BERRIAn, bai ETBn eta bai Hamaika Telebistan egiten diren gauzak, oso jende ona dago eta oso gauza onak egiten dira. Baina hori ez da baloratzen baloratu behar litzatekeen neurrian. Ez daukalako transzendentziarik, insignifikanteak bihurtzen gaituztelako eta erdarazkoak daukalako pisua, etxe honetan ere [EiTBn], eta beste guztietan. Eta uste baino askoz ere signifikanteagoak gara, askoz ere indar gehiago daukagu irudikatzen duguna edo ustez ispiluak bueltatzen diguna baino».

Mamitsua izan zen Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek, Ana Goitiaren eta Mikel Elizegien laguntzaz, herenegun Biba zuek! saioan Iñaki Uriari egindako elkarrizketa. Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraren 30. urteurrenaren harira eraman zuten platora Uria, haren sortzaile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zelako.

Gazteen lana goraipatu eta gero, duela 30 urte zegoen militantziarako joera eta grina haren falta sentitzen duela esan zuen, berak Argia-n lehenik eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran gero bizi izan zuen talde giro bizi eta emankor hura, zeinean taldekideak proiektuari guztiz emanak bizi ziren.

Arretaz entzutekoak izan ziren torturek eta kartzelak irakatsi zizkiotenei buruz esan zituenak ere: «Hor ikusten da benetan gizarte hau zer den: telebista eta pastilla. Hor ikusten da benetan Estatuaren munstroa zein den eta horren tripak non dauden eta nola erabiltzen diren». Ohi duen eran, aho-bizarrik gabe hitz egin zuen Uriak, kazetaritzaz zein kartzelaz, telebistan gutxitan entzuten diren kontuak atera zituen hizpidera solasaldian.

Atzo Xabier Leteri buruz esandakoak balio dezake Euskaldunon Egunkaria-z eta haren sorrerari buruz esateko ere: lekukotasunak eta iritziak jasotzen hasita, ezin konta ahala jaso daitezke, amaierarik gabekoa izan daiteke gaia. Emaitza ikusita, Biba zuek! saioak gaiari heltzeko aukeratu zuen moduan asmatu egin zuela esan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.