Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Bi saio eder denbora gutxian

2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Atzo kontra bezala, gaur ETB1en alde hitz egitea dagokit, hari begira batzuetan minduta bezala beste batzuetan mimatuta sentitzen bainaiz. Izan ere, bi saio eder ikusi ditugu denbora gutxian: asteartean, Ur handitan - Ahaztu aurretik-ek Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri eskainitako dokumentala; asteazkenean, Verdes liburu denda eta inprimategiari buruzkoa, Izan ginelako saio berrian. Edo bi baino gehiago, lau, bi saio horietako bakoitzaren ondoren beste bat izan baitugu aurreko gaiari lotua.

Txillardegi ez da telebista saio batean kabitzen, nola ba!, baina hari buruzko telebista saio ondo betea ikusi genuen asteartean. Bonus track bat ere eskaini zuen ETB1ek, gainera, ondoren: Txillardegi hil berri zela Sautrela-k 2012ko otsailean eskainitako saio berezia, hura ere gomendagarria.

Euskara batuaren aitatzat jotzen du Txillardegi Jean-Louis Davantek hari buruzko dokumentalean; amatzat Pako Sudupek. Horrez gain, euskaltzaletasun moderno edo garaikidearen aitzindari ere izan zen. Ez da behar bezain ezaguna, baina, haren biloba Eneka Alvarez Loidik dokumentalean dioen bezala, gaitzerdi Txillardegi bera baino ez balitz behar beste ezagutzen ez dena. Euskaltzaletasun moderno eta garaikide hori zuhaitz genealogikorik gabekoa, Imanolek Koldo Izagirreren hitzekin kantatzen zuen moduan badenik ere ez dakite oraindik euskal herritar askok eta euskaldun ez gutxik.

Asteazkenean, berriz, Izan ginelako estreinatu zuen ETB1ek. Josune Ariztondok gidatuta, Euskal Herriko historiari begiratuko dio saioak, honako galdera hauei erantzun nahian: «Zer dakite gure bilobek euren erroei buruz? Ba al dakite zein den Euskal Herrian gure aitona-amonek utzi diguten ondarea?».

Estreinako saioaren ardatza, Bilboko Verdes liburu denda eta inprimategia, ezaguna da euskal literaturan, Pott Bandako kideek hari egindako erreferentzia ugari eta beti laudoriozkoengatik, besteak beste, eta saioak hura sortu zuen familiaren historia ezagutzeko aukera ematen du, mami handikoa eta Euskal Herriaren historiari estu lotua. Halakoxea izan zen haren ondorengo bonus track-a ere, Alava Sarea, emakume espioi ikusezinak dokumentala (2018), ahanzturatik ateratzea merezi duen istorio zirraragarri baten kontaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.