Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Mundu ezezagunetan

2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Mundu ezezagun bat, edo mundu ezezagun asko, aurkitzen ari zarelako irudipena sorrarazten dizu Muak plataforma digitalean sartu eta hartan ageri diren aukeren artean nabigatzeak. Definitzen zaila denez, Jokin Etxeberria ekoizleak joan den larunbatean BERRIAk argitaratu zuen elkarrizketan esandakoetara jotzea izan daiteke egokiena: «[Muak plataforma digitalaren] lehen asmoa zen euskarazko edukiak egitea Interneten, eta edukitzea toki bat nahiko librea formatu desberdinak proposatzeko, esperimentatzeko, asmatzeko eta jende desberdina biltzeko. Duela hiru urte sortu genuen, eta oso gauza desberdinak egin ditugu». Eta aurrerago: «Ez da beti gauza bera izanen. Lehen urtean, minoritateen inguruan hitz egin genuen; euskal raparen inguruko egitasmo bat izan genuen; borroka historiko bat grabatu genuen Olentzero eta Aita Noelen artean; eta azkenaldian, ekologiaren inguruan aritu gara».

Ekologiaren inguruan aritze horretan, nabarmentzekoa da Eko-gudariak saila, elkarrizketez, esketxez, marrazkiz, poemaz eta umorezko aurkezpenez osatua, besteak beste, ataletako bakoitzean. Kalamuari buruz, Martin Barriuso elkarrizketatu dute atal batean, Bizi! elkarte ekologistari buruz Nicolas Goñi beste batean, borroka antiespezistari buruz Maialen Sagues, beganismoari buruz Maitane Garin... Alderdi serio eta mamitsuena, ardatz nagusia, elkarrizketa da, eta alderdi artistikoa esketx zoroek, poema edo kantuek eta Maiana Agorrodi artistaren marrazkiek osatzen dute, besteak beste, dena Ane Lindanek eta Jokin Etxeberriak tonu umoretsuan aurkeztuta... Sail sailkaezina da, definitzen zaila zinez, Eko-gudariak, baina, besterik ezean, ekologista, euskaltzalea, umoretsua eta eroa dela esaterik badago behintzat, baita jakin-mina pizten duela ere, ohikotik kanpoko zerbait ikusten ari dela sentiarazten baitio ikusleari lehen unetik beretik.

Baina Eko-gudariak sailaz gain bestelako bitxikeria interesgarri eta ikusgarri asko ere aurkituko ditu ikusleak Muak plataforman sartzen hasi eta jakin-minak gidatuta hara eta hona mugitzen hasten baldin bada. Mundu ezezagun bat, mundu ezezagun asko biltzen dituena, azken batean mundu asko baitaude baina denak mundu honetan. Eta gaur egun mundu hori, ia osorik, Interneten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.