Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

La2eko dokumentalak

2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Topikoak dio intelektual batek, benetako intelektuala izango bada, telebistarik ez duela eduki behar etxean eta telebistarik ez duela ikusi behar, edo, telebistan ezer ikustekotan, ez duela Telecinco ikusi behar, ezta El Conquis, Baserria edo antzekorik ere, La2eko dokumentalak baizik; Afrika erdialdeko sabanako ñuen elikadurari buruzkoak edo Groenlandiako baleen ugalketaz diharduenak, berdin dio, baina La2eko dokumentalak.

Ez beti, baina kasu askotan topikoek egiatik zerbait izaten dute oinarrian, eta egia da La2eko dokumentalak, oro har, interesgarriak izaten direla, eta ez urruneko parajeetako faunari buruzkoak soilik, bestelako batzuk ere bai. Imprescindibles saiokoak, esate baterako; 2010az geroztik aldiro sortzaile baten lanaren berri ematen duen saio ia beti interesgarria baita.

Joan den igandean Jaume Plensa (Bartzelona, 1955) eskultore katalana izan zuen protagonista Imprescindibles saioak, eta gozagarria izan zen hark munduko hainbat lekutarako —Montreal, Tokio, Rio de Janeiro, Bartzelona, Madril...— diseinatutako eskulturak ikustea, berak emandako azalpen poetikoen laguntzaz; azalpen poetikoak, baina inondik inora ere ez arranditsuak, soil eta xumeak baizik, eta halaxe emanak.

Dokumentalean agertzen diren zenbait eskultura ikusita, batez ere paraje naturaletan daudenak, zalantza sortzen zaio bati ea eskultura dagoen leku hori ez ote zen ederrago Plensaren lana ezarri aurretik, leku hori ez ote legokeen hobeto eskulturarik gabe, orri zuri isila hainbat eta hainbat poema gabe hobeto legokeen modu berean. Baina egia da, edo hori da dokumentalak transmititzen duen irudipena behintzat, Plensaren lanek ez dutela beste eskultura batzuek ikusi orduko sentiarazten duten arbuioa pizten, berezko leuntasun arin eta gozo batez integratzen direla bakoitza dagokion lekuan.

La2eko dokumentalek, beraz, ez dute motiborik gabe irabazia aspaldidanik duten ospea, eta ganoraz eusten diote horri. Kateak musikari eta literaturari eskainitako saioek ere, Un país para escucharlo eta Página 2 hurrenez hurren, ez dute dokumentalek emandako maila beheratzen. Horri guztiari esker, Intelektual kategoria bereganatzea, edo kategoria horri eustea, ez da batere desatsegina La2i begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.