Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Erraza litzateke esatea

2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Pandemiaren ondorioz, bidaiatu ezinik, tabernetara joan ezinik edo tabernetara jotzeko aukera guztiz mugaturik, jairik gabe, ekitaldi jendetsurik gabe, nor bere etxeari eta familia-unitateari inoiz baino lotuago, «frantsestu» egin garela esan zidan orain hurrengoan Donostiako denda bateko saltzaileak; Frantzian pandemia aurretik ere nagusi zen bizimoldera lerratu omen gara, ezinbestean eta gogoz kontra, eta bizimolde hori, jakina, tristea da gure aurreko bizimoldearen aldean. Uste zabaldua delakoan nago.

Baina Frantzian ere aldaketa handiak eragin ditu pandemiak, eta Frantziako kulturaren mundua ez da aldaketa horietatik kanpo gelditu, pandemiaren ondorioz zinema aretoak eta antzokiak itxi direlako, besteak beste. Gabezia horri ahal den neurrian aurre egiteko asmozFrantziako telebista publikoak, France Televisionsek, Culturebox katea sortu du, plaza publikorik gabe geratu den kultura ikusleen etxetara helarazteko asmoz. Kontzertuak, antzerki, dantza ikuskizunak eta gisako ekitaldiak emango ditu Cultureboxek, Frantziakoak zein Frantziako mugetatik kanpokoak, eta kultur sortzaileekin solasaldiak ere eskainiko ditu. Dena iragarkirik gabe.

Egitasmo txalogarria da France Televisionsek abian jarritakoa, eta erraza litzateke esatea ondo legokeela ETBk antzeko zerbait egitea, edo, areago, antzeko zerbait egin beharko lukeela. Baina, horretaz pentsatzen hasita, zalantza handiak sortzen dira, ez soilik Hego Euskal Herrian, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian ez bezala, zinema aretoak eta antzokiak, muga eta murrizketa handiekin bada ere, irekita daudelako; baita ETBk kulturari eskainitako saioek duten harrera eskasa eta ikusle kuota murritza kontuan hartuta ere. Eta ez dut uste hori promozio faltaren ondorioa denik soilik.

Erraza litzateke esatea, eta esan egingo dut, eredu egokia dela Culturebox ETBk ere antzeko zerbait egin dezan, euskal kulturaren munduari babesa emateko. Baina ez gara hain kulturzaleak, gure bizimoldea, pandemia betean ere, ez da ETB horrelako kate bat sortzera behartzeko bezainbeste «frantsestu», arestian aipatu dudan Donostiako dendariak esango lukeen moduan esanda. Oker ote nago? Ez lidake minik emango oker nagoela jakiteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.