Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ametsetako telebista unea

2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Neure buruari galdeturik telebistan zer ikusiko nukeen gustura, aukerarik ederrenetako batean Felipe VI.a Espainiako erregea irudikatu dut, La1 katean, programazioa eten eta diskurtso hau zabaltzen urbi et orbi:

«Ikusirik COVID-19aren pandemia gure aberriaren txoko guztietan eragiten ari den triskantza, eta Espainiako Gobernuaren ahalak ez direla behar adinakoak horrek eragindako kalte guztiei nahiko genukeen eran eta neurrian aurre egiteko, erabaki dut, ez aurretik sakon gogoeta egin gabe, ez aurretik hainbat pentsalariren eta poeta askoren lanak irakurri eta gogoetarako hazkurri izan gabe, azken horien artean bereziki aipatu nahi ditudalarik Walt Whitman, Bertolt Brecht, Wislawa Szymborska eta Miren Agur Meabe, erabaki dut, beraz, esaten ari nintzen moduan, Historiak eta Zoriak buru gainean ezarri didaten koroari uko egin eta Espainia hemendik aurrera errepublika deklaratzea, gisa horretan galgarri baino ez zaion gastu izugarri handi batez libratu ahal izango delarik osasun zerbitzuak hobetzeko, hala COVID-19ari aurre egiteko eginahaletan nola bestelako zeregin askotarikoetan, konbentziturik bainago horixe dela egun eta hemen neure aberriari eta neure herritarrei ez ezik gizateria osoari egin diezaiokedan zerbitzurik onena.

«Erabaki horretara bideratu nauten gogoetetan murgilduta nengoen bitartean, ez dut une bakar batez ere ahaztu aita naizela, senar, seme, neba, osaba, koinatu...; odolez ez ezik afektuz lotuta nagoela niregandik beti gertu izan den jende askorekin, eta haientzat ere, neure aberriarentzat eta neuretzat bezala, onena nahi dudala. Baina esan beharra daukat jabetuta nagoela, belaunez belaun, erregetzak eta erregetzari eusteko ahaleginek mesede baino kalte handiagoa egiten diela zeregin eta ahalegin horietan lehiatu diren nire arbasoei ez ezik haien senide, ahaide eta gertukoei ere, halako moldez non, kasu askotan egiaztatu den moduan, bestelako, handiago, sentitu izan diren edo sentitu nahi izan duten, pribilegio ikaragarri eta bidegabeen jabe, horrek hobetzera bideratu beharrean doilortzera eta pertsona gisa ahultzera eraman dituelarik, are beren borondatearen aurka ere hainbatetan».

«Nire erabakia ulertu eta onartuko duzuelakoan, zuetako bat nauzue gaurgero».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.