Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Estoldek ebaki ez zituzten hegoak

2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
«Galdera da: nola itxi liteke frogarik gabe egunkari bat? Nola itxi liteke? Zeren ez zegoen frogarik. Prebentiboa zen. Baina badakigu horrelako egunkari bat modu prebentiboan ezin dela itxi, zeren ixten baduzu behin betiko da. Beti. Horrenbeste jakin behar zuten. Orduan, hori egiten da, estatu batek hori egiten du; gero, babesten du. Eta inork ez du horren erantzukizunik hartzen. Hori ez da estatu demokratiko bat». Joan Mari Torrealdairen hitzak dira, Samara Veltek eta Josu Martinezek zuzendutako Paperezko hegoak dokumentalean entzunak, herenegun gauean, ETB1en. Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari buruzko dokumentala da, Tentazioa ekoiztetxeak ekoitzia.

Torrealdairen adierazpenez gain, Euskaldunon Egunkaria-ren kasuarekin aldez edo moldez harreman zuzena izan zuten hainbaten lekukotasunak biltzen ditu dokumentalak: Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Lorea Agirre, Iñigo Iruin, Ramon Zallo... Baita, estoldetako irudiekin lotuta, hainbat iritzi emailek Euskaldunon Egunkaria-ren eta haren arduradunen aurka harrotasunez jaurtitako esaldi iraingarriak ere, ikusleari odolak su gabe dirakiela gogorarazten dioten horietakoak.

Gai zabala da Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera dokumental batean aztertzeko, baina Paperezko hegoak-ek adar askori heltzen die ganoraz: polizia operazioaren sakoneko motibazio eta konnotazio politikoak, atxilotuei egindako torturak, operazioaren aurkako erreakzioaren oihartzuna eta eragina, gerorako prestatuta zeuden operazioak...

Dokumentalerako egin behar zituen grabazio guztiak egin aurretik hil zen Torrealdai, baina, irudi errealetan ez ezik, Adur Larreak egindako animazio leun eta samurretan ere ageri da hura, hain gai gogorrari ukitu gizatiarra emanez. Ukitu horrekin bat datoz Torrealdaik berak lanaren amaieran esaten dituen hitzak: «Uste dut honen atzean badagoela herri bat, eta Europa zaharrean-eta jakin beharko luketela hemen herri bizi bat dagoela horrelako proiektuak egiteko gauza dena, bat desegin eta bestea sortu, eta aurrera segitu, eta gainera hori guztia egin daitekeela eraikiz, liskarrik gabe, eta positiboan. Uste dut gure kasuak hori erakusten duela, eta hemen agertzen baldin bada guk izan dugun babesa, herri horri egiten diogun omenaldi bat dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.