Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Mirespenaren eta miseriaren artean

2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Agertoki ikusgarririk gabe, aktore —guretzat behintzat— ezagunik gabe, drama negartirako zein komedia burugaberako egokiagoa dirudien argumentu batetik abiatuta, oso telesail entretenigarri, orekatu eta mamitsua osatu du Jano Ben Chaabanek MaPa zuzentzean (Filmin). Meltin da protagonista nagusia (Max Mauff), 30 urteko gidoilaria, sei urteko alaba baten aita. Ezustean eta bat-batean alargun geratu ondoren, egoera berrira egokitu beharra izango du ahal duen moduan.

Heroi bat izatetik urrun baina beste erremediorik gabe, batzuetan okerreko bidetik joz baina hutsegiteetatik ikasiz —edo ikasi gabe—, Meltinek aurrera egingo du eta kontaketak, bigarren mailako pertsonaia indartsuen bidez kasu askotan, beste gai askoren ertzetara ere eramango du ikuslea, Meltinen dolutik eta aitatasun konplikatutik harago: zaintza, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, bikote harremanak, adiskidetasuna, xenofobia...

Bi poliziak Meltinen etxeko atea jotzen duteneko sekuentziak ederki erakusten du zein den telesail honen indarra. Norbaitek jatorri magrebtar edo turkiarreko —auzokoek ere ez dakite zehatz esaten— bi mutil gazteren aurka egindako salaketaren ondorioz etorri dira poliziak. Hortik abiatuta sortuko den egoera nahasian, sekuentziako protagonisten arteko bakar bat ere ez da onik aterako, eta Meltin bera izango da azkenean lotsagarrien geratuko dena, hasieran, aurreiritzi xenofoboen aurkako bere jarrera argiaren ondorioz, denen arteko orekatuena eta buruargiena dirudien arren.

Bizikleta konpontzailea eta haren alaba ere mami handiko pertsonaiak izango dira aurrerago, atal bakarrean baino agertzen ez diren arren. Telesailaren barruko film txiki bat osatzen du bi pertsonaia horiek Meltinen eta Meltinen amaren bizitzan duten agerpen labur baina indartsuak. Hezur-haragizkoak dira telesaileko pertsonaia guztiak, eta bakarren bat miresten hasi orduko berehala jakingo duzu haren miseria ezkutu eta higuingarriren baten berri. Edo alderantziz.

Horri guztiari esker, telesaila alemana dela kontuan hartuta, egokia izan daiteke esatea MaPa-k, drama negartiaren eta komedia burugabearen arteko orekari ondo eusteaz gain, Zeitgeist deitzen dioten hori, garaiaren espiritua, ondo harrapatzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.