Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Carol, Wendy & Gina

2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ikuslea prostituzioaren munduan sarrarazten du bete-betean Alex Pinak eta Esther Martinezek sortutako Sky Rojo telesailak (Netflix, 2021), irudi ikusgarriz, abentura bizi, zoro, katramilatu eta odoltsu baten bidez, ekintza eta indarkeria dosi handiekin, umorezko ukitu ugarirekin, proxeneten, sikarioen eta bezeroen erretratu gordin eta gupidagabea eginez eta prostitutekin enpatizatuz, prostituzioaren aurkako eta prostituten aldeko mezu argia zabalduz.

Tenerife uharteko La Novias izeneko klubeko hiru prostitutak aldez aurretik horretarako inolako planik egin gabe klubeko ugazabaren aurka hasitako matxinadak jartzen du abian trama. Hortik aurrera, muturreko gorabeheraz betetako ihesaldiari ekingo diote Coral, Wendy eta Gina prostituta ohiek, ustekabeko matxinadaren ondorioz lanbidea derrigorrean utzita, aske baina ataka gaitzean.

Thelma and Louise-ren ihesaldiaren antza hartzen du pasarte batzuetan Cora, Wendy eta Ginarenak, baina giro basatiago batetik ari dira ihes egiten, eta katramila basatiagoetan sartuko dira ihesaldian zehar. Bada amildegi ertzeko eszena bat ere Ridley Scotten duela 30 urteko filmari keinu egiten diona, edo hala dirudi, behintzat.

La casa de papel telesailaren sortzailea da Alex Pina nafarra (El embarcadero eta White Lines ere sortu ditu harrezkero; ez da Don Inorrez negozio honetan), eta Sky Rojo-n ere badira hura gogora ekartzen duten baliabide formal batzuk, hala nola, off-eko ahotsen erabilera pertsonaien iraganeko istorioei dagozkien flashbackak zein pertsonaia horien motibazioak eta iritziak tartekatzeko. Nekez izango du telesail honek La casa de papel-ek adinako arrakastarik, baina produktu erakargarria egiteko ahalegina begien bistakoa da.

Telesailak prostituzioaz ematen duen ikuspegiari erreparatuz gero, zuzentasun politiko zurrunegi bati lotutako manikeismoa sala daiteke, kritikari zorrotzaren rolean jarriz gero behintzat, baina kontuan hartuta zein zoro, katramilatu eta irreala den Coral, Wendy eta Ginaren ihesaldia, ez du traba handirik egiten pertsonaien karikaturizatze gehiegizkoak, ezta telesailak zalantzaren eremu barne-urratzaileei egiten dien ukoak ere, eta, behin kode horretan sartuta, interesa pizten du atalez atal, eta gustura ikusteko modukoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.