Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Urrutikoak eta bertakoak

2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Ez dirudi oso erregimen demokratikoa denik Saudi Arabiakoa. Bryan Fogel eta Mark Monroeren The Dissident dokumentalak (Disidentea, 2020; Filminen ikusgai El disidente izenburuarekin) erregimen horren kritika zorrotza egiten du, Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketaren kontaketan oinarrituta. Saudi Arabiako agintea gogor kritikatu zuen Khaxoggik, Mohammed bin Salmanen politika bereziki, eta horren ondorioz azken urteak bere herrialdetik kanpo eman behar izan zituen. 2018ko urriaren 2an Saudi Arabiaren Istanbulgo kontsuletxean sartu zen, ezkontzeko behar zituen paper batzuk zirela eta, eta ez zen handik bizirik irten. Zantzu guztien arabera, Saudi Arabiako erregimenak aginduta hil zuten kontsuletxean, eta gero haren gorpua kontsularen etxean erre.

Mads Bruggeren The Mole-k Ipar Koreako erregimena salatzen duen antzera salatzen du Saudi Arabiakoa The Dissident-ek. Ez dago herritarren egunerokotasunaren irudirik eta iritzirik, bi herrialdeak oso hermetikoak direlako eta bietan adierazpen askatasuna oso mugatuta dagoelako. The Dissident ikustean, hala ere, bereziki ematen du atentzioa sare sozialek Saudi Arabiako borroka politikoan duten garrantziak. Antza denez, Twitterreko oihartzunak eraman zituen Saudi Arabiako agintariak Khaxoggi hiltzeko erabakia hartzera.

The Mole eta The Dissident ikusteak pentsarazten digu hemen, Euskal Herrian, demokraziari eta askatasunari dagokionez, Ipar Korean eta Saudi Arabian baino hobeto bizi garela, eta halaxe izango da, dudarik ez; baina hemen ere ez da dena argi eta garden. Ikara eragiten du Khaxoggi zergatik eta nola hil zuten jakiteak; baina ez zaigu erabat arrotza egiten gertakaria. Hemen ere asko izan dira agintearen goiko erpinetatik egindako legez kanpoko hilketak, Khaxoggirenak nazioarteko politika globalean izan duen eragina izan ez badute ere. Batzuei buruzko ikus-entzunezkoak egin dira, fikziozkoak zein dokumentalak, baina ez guztiei buruz, eta egindako horiek ez dute oihartzun handirik gaur egun nagusi diren plataformetan; urrun daude The Mole eta The Dissident eta gisakoek izandako oihartzunetik.

Bidezkoa da urrutiko erregimenik antidemokratikoenen krimenak argitzea eta ezagutzea, baina ez dezala balio bertakoak gutxiesteko edo ahazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.