Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Hitler buruan eta ibili munduan

2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Pistola, bere burua hiltzeko asmoz, aho barruan sartuta zuela, azken unean atzera egin eta bizirik jarraitzea erabaki aurreko ordu larrian, heriotzaren atari-atarian sentiturik, ez zen bere gurasoez, maitaleez edo adiskideez gogoratu David Saavedra —berari orain, une hura gogoratzean, hala gertatu izatea gustatuko bazitzaion ere—, Führerraz baizik. Adolf Hitlerri eskainirik izango zion azken pentsamendua orduko hartan bere burua hiltzeko asmoa gauzatu izan balu. Halaxe kontatu zion joan den igandean nazi ohi damutuak Jordi Evole kazetariari, La Sextako Lo de Évole saioan.

Saavedrak dioenez, 15 urte inguru zuenetik hasita eta ia 20 urtez nazi militante eta konbentzitua izan ondoren, zalantzak izaten hasi zen, harik eta, pixkanaka, ideologikoki behintzat, nazi izateari utzi zion arte. Baina ordura arteko ideologiarekin hautsi zuenean, bere mundua eta bere bizitza behera jausita sentituz, lur jota geratu zen, nor zen ere ez zekiela, eta horrek bultzatu zuen bere burua hiltzeko asmoa izatera, azkenean asmo hori gauzatu ez bazuen ere. Orain, beldur da berak bere buruari egin ez ziona besteek egin nahiko ote dioten, mehatxu serioak jasoa baita lehen berea zen esparru ideologikotik, traidoretzat eta saldutzat jotzen baitute.

Oso modu adierazgarrian azaldu zion Saavedrak Evoleri zein aise sartu zitzaion barne-muinetaraino Hitler figura nagusitzat duen ideologia totalitarioa, esanez ideologia horrek harresirik gabeko belaze zabal eta garbia aurkitu zuela bere baitan, Saavedra gaztetxoaren baitan, lasai, libre eta mugarik gabe laster egin eta han harrapatzen zuen guztiabereganatzeko, gaztetxoa ez zegoelako prestatuta munstro orojale hari aurre egiteko.

Ondoren, adiskide baten bidez eskuratu eta irakurritako liburuek atera omen zuten Saavedra —beste eragin eta gertakari batzuekin batera— nazismoaren atzaparretatik, naziek marxismoari buruz idatzitako liburuen ordez, besteak beste, Karl Marx beraren liburuak irakurtzeari ekin zionean.

Nazia izan zen Saavedra eta beldurra ematen du hizketan hain buruargia eta orekatua dirudien gizona gaztaro ia osoan nazi konbentzitu eta militantea izan dela pentsatzeak. Baina oker geundeke Saavedrari gertatutakoa nazismoarekin baino ez dela gertatzen pentsatuko bagenu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.