Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Bazka da

2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Hau irakurtzen ari zarenerako, bere ateak ixtear da Durangoko Azoka. Ordu gutxi batzuk baino ez dira falta, ziur asko: ordu eta erdiko bizpahiru bisita txanda, lauzpabost ekitaldi. Bat baino gehiago ariko da Landako gunean bueltaka, aurreko egunetan erosi gabekoak geratu zaizkien sos apurrekin ordaindu ote ditzakeen kalkulatu nahian. Lana eta festa uztartu ditugunak, aldiz, ordulariari etengabe begira irudika gaitzakezu: aste honek utzitako begi zuloak arintzeko beharko genituzkeen opor egunekin ametsetan. Azoka topagunea dela esatea topiko errepikatuegia da. Baina topaketa hori bertatik bertara bizitzea ez da aspergarria batere.

Salbuespenak salbuespen, telebistak apenas duen leku propiorik gero eta anitzagoa den programazioan. Baina trukean, bertan jazotakoa pantailetara eramaten ahalegintzen diren dozenaka langile gaude hemen; kazetari eta tekniko andana, euriak edo COVID-19ak etxean utzi dituenei hemen gertatzen ari dena erakusteko formula original samar baten bila. Streaming, erreportaje, elkarrizketa eta abarrak osatzen, Durangoko Azokaren oihartzuna ez dadin bertako kale-tabernetan harrapatuta geratu. Durangoko Azoka, Durangon bezainbeste, telebistan dago.

Baina zutabe bat ezin denez soilik topikoen segida batekin osatu, beste gogoeta bat nahi nuke ekarri hona. Formol laborategiaren Album antzezlana ikusi genuen astelehenean, eta bere oihartzuna oraindik ere buruan darabilkit bueltaka. Hegoaldeko millenial-on erretratu aberatsa da, zeresan argirik ez izatea bera zeresan handia ematen duen gaia dela erakusten duena. Gauzak egin eta esateko modu propio baten bilaketaren emaitza ere bada; meme kultura eta feismoa, diskurtsoa eta gorputza, bikain uztartzen dituena.

Azokak frogatu du beste behin: sortzaile gazteagoen ekarpena ez dela edukira mugatzen; euskal kulturara eta bere egituretara haize freskoa ekarriko duenik bada, forman eta egiteko moduetan urratzen ari diren bidea dela. Formoleko kideen antzezlana bat da, oholtzan erakusteko sortutako obra. Bi urte eskaini dizkiote «gure belaunaldiak» zer eta nola esan dezakeen arakatzeko lanari. Horren emaitza edozer eraiki edo sortu nahi duenarentzat da pizgarri eta bazka; baita telebista egiteko bide berriak aurkitu nahi ditugunontzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.