Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Hogeita hamar

2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Bere lehen astea egin du 2022ak dagoeneko. Oharkabean kasik, beste edozein asteren usain bertsuarekin. Edo ez. Batzuontzat, ez da, inolaz ere, beste urte bat gehiago: aurten, 2022an zehar, gaztetasun ofizialaren azken kartutxoak gara erretzekoak. 30 urte egingo ditugu. Horren aurrean, hiru jarrera posible daude, gutxi asko: bata ihesa da, kirola, bideo jokoak, fikzio distopikoak edo drogak. Bestea da heldutasun hegemonikoa besarkatzea: hipoteka, seme-alabak, osabaren enpresako lan kargua. Eta azkena, ohikoena, ukazioa: ez arre ez so, jarraitzea hor, linboan, galdera horiei entzungor. Baina bada laugarren hautu bat ere, nirea (eta beste askorena): ustez galdera horiei ihes egiten ari zaren bitartean, galdera horiek ez beste hizketagairik ez izatea. Putzuak bilatzea etengabe, nola edo hala, belaunaldi krisi horren lokatzetan zikinduz gozatzeko.

Laugarren bide horri heldu diogunon gosea baretzeko sortua da Todo lo otro, Abril Zamora aktore, zuzendari eta gidoilariak HBO Max plataforman ondu duen telesaila. Gure galdera tranpati berberetan katigatuta dauden 30 urteko pertsonaiekin osatutako zortzi kapituluko tragikomedia da. Harremanak eta beren gorabeherak dira, generoak agintzen duenez, telesail horren funtsa. Baina ez harreman sexu-afektiboak soilik. Lagunarteko sentipen gazi-gozoak ere oso modu gordinean eraikitzen ditu Zamorak, erakutsiz bikoteetan ohikoak diren gatazka, haustura, botere-harreman eta abarrak berdin gertatzen direla adiskideen artean ere.

Abril Zamora emakume transa dela esan gabe heldu naiz honaino, eta ez da kasualitatea. Zuzendaria bezainbeste, transa da haren pertsonaia ere, baina telesailak ezaugarri hori tramaren ertz bat gehiago bihurtzen du, bestelako gatazkei lekua eginez, kolektibo osoa ordezkatzeko misioa eman gabe. Bada hazkura pixka bat eragin didan zerbait: Cesar, protagonistaren pisukidea, maitagarria da, zintzoa, barkatzen dakiena, umoretsua. Egoera zailenetan dagoenean ere, larritasunari bere ontasuna gailentzen zaio beti. Trukean, telesaileko emakume gehienak euren desiraren eta bizitzaren arteko gatazka erabatekoan bizi dira, nahi dutena euren buruari aitortu ezinda. Bigarren denboraldirik balitz —eta espero dugu baietz—, Cesarren herrenak ikusteko bidea zabaldu beharko liguke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.