Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Titien afera

2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gomendioa: Rigoberta Bandiniren Ay Mama abestia entzuten irakurtzea*.

Pantailetan emakumeen titiak debekatuak daude. Hollywoodeko zinema kontserbadoreak emakumeen titiak ezkutatzeko trikimailu asko izan ditu, eta eszena batzuetan emakumeek beren gorputza ezkutatzeko azkarrak izan behar dute. Zineman ez ezik, telebistan ere debeku hori gertatu da. 2004. urtean AEBetako Superbowl partidan Janet Jacksonen titia ikusi ostean, telebistako zuzeneko emanaldiek atzerapen pixka bat dute. Horrelako ezustekoak errepikatzen baldin badira, errealizadoreek mozteko aukera eduki dezaten.

Sare sozialen garaian, egoera hori areagotu egin da: Mark Zuckerbergen sare sozialetan titi bat agertzen bada, kontua ixteko arriskua eduki dezakegu. Hori gutxi balitz, hilekoaren odola agertzea ere blokeatzeko aitzakiatzat hartu dute noizean behin Instagramen. Pedro Almodovarren Madres paralelas filmaren kartelean titipunta bat agertzen zen eta Zuckerbergen algoritmoak edukia zentsuratu zuen. Egun pare baten ostean, Facebookek eta Instagramek barkamena eskatu zuten eta kartela berriro agertu zen. Zuzendari gizon baten filmaren kartelak zentsura pasatu zuen, baina hainbat emakumek ez dute zorte bera izan beraien argazkiekin.

Artearen historian titi asko ikusi ahal izan ditugu. Goyaren Maja biluzia edo Delacroixen Askatasuna, herriaren gidari margolanak bururatzen zaizkit. Horren inguruan, Rigoberta Bandini abeslariak Ay Mama abestian aldarrikapen argia egin du. Amatasunari omenaldia egiten dio abestian eta emakumeen titien tabuaren aurka argi abesten du. Abesti hori Eurovision jaialdirako Espainiako hautagaien artean dago. Ez naiz Eurovisionen zalea, baina abesti hori nire gogokoen artean dago, dudarik gabe. Rigoberta Bandinik abesti hori LogroƱon (Espainia) abestu zuen publikoaren aurrean, eta bertan titiak atera zituen. Ikusteko dago zer-nolako zentsura aurki dezakeen abeslariak RTVEk antolatu duen Benidorm Fest jaialdian. Ekitaldi horretan Eurovision jaialdirako Espainiako hautagaia aukeratuko dute, eta Bandinik argi utzi du titi erraldoi bat agertuko dela eszenatokian. Bandinik iraultza ekarri du bere abestiekin eta gauza bera sorrarazi nahi du bere azken lanaren bitartez. Ez dakit jaialdia irabaziko duen ala ez, baina niretzat irabazle morala da jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.