Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Teleaurkezleak

2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Pandemiaren ondorioz, telelana lanbide askotan ezarri da. Telelanak herritar askori abantailak ekarri dizkigu. Goizeko trafikoa edo metroko jendetza ekidin ditugu, etxean bazkaltzeko ohitura hartu dugu eta ohetik beranduago altxatzeko aukera asko eskertzen dugu gehienok. Enpresa askok telelana kendu nahi dute, eta ez dira konturatzen bere langileei poztasuna eta bizi kalitatea kentzen dietela neurri horiekin. Telelana eta telebizitza izan dugu 2020ko martxotik, eta, konfinamenduaren ondorioz, gure lagunak, familia eta lankideak pantailaren beste aldean ikustera ohitu gara.

Egoera hori telebistara ere eraman dute. Konfinamenduaren egunetan saio asko etxetik egin ziren, eta egun horietatik kontu batzuk geratu egin dira. Adibidez, albistegietako elkarrizketa labur asko bideo dei bitartez ematen dira gaur egun ere. Bestelako saioetan ere bideo deiek garrantzi handia hartu dute. Horrelako formatuak gure egunerokoan finkatuko direla dirudi.

Aurreko egunean Abiapuntua saioa (ETB1) ikusten hasi nintzenean oso arrotza egin zitzaidan Xabier Madariaga Bizkaia frontoiaren paretan ikustea. Saioko partaideek haren irudia ikusten dute, baina ez dute harekin hitz egiten. Netflixeko Insiders saioa gogora ekarri zidan formatu horrek. Hartan, Najwa Nimri aktorea agertzen zen aurkezle bezala, eta bere agerpenak pantailaren beste aldean ikusten ziren. Saioko protagonistek ez zuten Nimrirekin hitz egiten eta esperimentu bat egin zuten etxe barruan zeuden pertsona horiekin. Abiapuntua-n ere esperimentu soziologiko bat egin nahi dute, baina Netflixeko saioaren eta ETB1eko programa berriaren artean desberdintasun ugari daude. Abiapuntua-n gai sozialen inguruan partaideek dituzten aurreiritziak apurtu nahi dituzte; Insiders saioa, berriz, reality bat zen. Bi saioetan oso arrotza egiten zait aurkezlearen rola; beste toki batean daude eta saioa aurkeztera bainoago, beren sermoia ematera datozela dirudi. Bitartean, saioak partaideen bizipenekin jarraitzen du, eta interesa horretan dago, eta ez aurkezlearengan. Agian, formatua aurkezle lan horren etorkizuna da, eta telelana bezala teleaurkezleen garaia iritsi dela onartu beharko dugu. Momentuz, eszeptikoa naiz eta beste aurkezle formatuak nahiago ditut oraindik. Hori bai, teleaurkezleen abantailak aurkitu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.