Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Jarraitzeko

2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Bertsolaritza, kirola, zinema. Badira, diziplina horietan eta beste batzuetan, dozenaka sari jaso dituzten artista eta -lariak. Dominak eta oroitarriak trasterora edo gurasoen etxeko nerabezaroko gelara eraman dituztenak ez zaizkielako kabitzen dagoeneko, edo —Eider Rodriguezek bere nobelan dioenez— harroegiak direlako hain harrokeria arruntetarako. Dapa bideo sortaren egileek, ordea, toki nabarmen batean jarriko dute aste honetan jaso dutena: ikus-entzunezko Argia saria.

Ez du, akaso, beste sari potoloago batzuen aurrerapen izatearen dizdira, ez du inor, orain artean, Europako beste oilar batzuekin lehiatzera bidali; eta ez du, aurten behintzat, lau haizeetara zabaldutako ekitaldi jendetsu bezain hanpaturik izan. Baina bere xumean, domina, txalo eta diru poltsa potolorik espero gabe ere lan eskerga egiten dutenen jarduna aitortzeko dohaina duen saria da. Maizegi itzalpean geratzen den lanaren errekonozimendua.

Pare bat urteko bidea egin dute jada, baina izango da, beharbada, Dapa zer den oraindik ez dakienik. Funtsean, Euskal Herrian lanean ari diren dozenaka artista hartu, haien lanaren gorabeherak mimoz jaso, eta forma zaindua duen bideo piluletan jasotzen dituen proiektua da. Sortu dituzten ale ederrak Youtuben edo Dinamoa.eus webgunean aurki daitezke. Zailagoa iruditzen zait saria zalantzan jar dezakeen inor badenik pentsatzea. Edukiari dagokionez, —eta sari honek egiten duen hori bera errepikatuz—, argitara ateratzen dute hainbat artistaren itzalpeko lana. Forma ere ezin da edukitik bereizi, dokumental labur bakoitzak eskatzen duen egitura baitu, ondo pentsatutakoa eta neurrira egina. Dena serieablea eta errepikagarria egiten dugun honetan, azpimarratzeko modukoa da.

Badira kultur egileak bideoz jasotzeko ahalegin txalogarri gehiago. Bakarren batek Orain berezi haiek gogoratuko ditu agian; eta EiTB Kultura saioan egiten duten lana ezin da aipatu gabe utzi. Baina ETBren kateetatik kanpo eta komunitarioa den ekosistema batean —Dinamoa eraikinean eta Kulturaz kooperatibaren babesarekin— proiektu hau garatzea salbuespen zoragarria da. Ander Mujika taldeko kideak Twitterren desiratu duen hori bera opa diet nik ere: «Ea lan eder honekin jarraitzeko aukera ematen digun (sari) honek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.