Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Burua lantzen

2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Pandemiaren ondorioz depresioa eta beste buruko gaitz asko sortu dira gizartean. Horrek osasun mentalaren inguruan hitz egitea eragin du hedabideetan eta politikarien artean, baina eguneroko elkarrizketetan oraindik zaila da gai honetaz hitz egitea. Nire inguruan nahiko ohikoa da terapiara joan garenon artean psikologoarengana joan garela aitortzea. Baina noizbait komentario negatiboren bat jaso dut aitormen hori egiterakoan. Hori gertatu izan zaidanean, beste pertsonari lotsarik gabe argi utzi diot terapia neure burua ordenatzeko bide bat dela, eta nire bizitzako une latz batzuetan asko lagundu didala. Azkenean, pertsona horri terapiara joatea ere gomendatu diot.

Nire egoera alde batera utzita, argi dut gaur egun oraindik estigma bat dela gaixotasun mental bat duzula azaltzea. Buruko gaitz asko ez dira ulertzen, eta gure inguruko pertsona bat horrelako egoera batean dagoenean, deseroso sentitzen gara. Pertsona horrek laguntza behar du, baina askotan alde batera uzten dugu edota animatzeko gomendio hutsak ematen saiatzen gara.

Horren adibide garbia da Work in Progress (Movistar Plus) telesaila. Hartan protagonistak depresio kronikoa eta joera suizidak ditu. Abbyk txikitatik izan du depresioa eta psikologo anitzekin aritu da. Bere bizitzan diskriminazio asko jasan ditu lodia izateagatik, kanon estetikoetara ez moldatzeagatik eta lesbiana izateagatik. Horrek bere depresioari mesede gutxi egin dio, eta urteetan gaixotasun horrekin nola bizi den erakusten digu telesailak.

Telesailaren bigarren denboraldian, COVID-19ak eragindako egoera agertzen da. Une horretan terapeuta berri baten bila ari da, eta terapia online egiteko aukera ez zaio asko gustatzen. Bitartean, bere aita bere buruaz beste egiten saiatu da eta, horren ondorioz, jakingo du bere aitak ere depresio bera pairatzen duela. Oso interesgarriak iruditu zaizkit Abbyren eta bere aitaren arteko elkarrizketak. Lehen aldiz Abby eroso ikusten dugu bere gaitzaren inguruan hitz egiten eta, horri esker, bere bizitzako pasarte asko ulertzen ditu.

Oraindik lan asko dago egiteko buruko gaixotasunen inguruan gehiago jakiteko eta hobeto ulertzeko. Horrelako telesailak beharrezkoak dira kontzientzia pizteko eta, nola ez, pantailaren aurrean une entretenigarriak izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.