Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Epaia

2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Krimena ondo saltzen da. Bai, behinik behin, telebistan. Eta ez fikziozkoa soilik. Thrillerrez josita daude online plataforma den-denak bai, baina egiazko odolak, egiazko hiltzaileek are interes gehiago pizten dute. Ez da ia geratzen dokumental propiorik ez duen hilketa lazgarririk. Ekoizpen oso baterako adina morbogai ez duten kasuek, aldiz, podcast edo telebista saioetan aurkitzen dute erakusleihoa. Kataluniako TV3 katearen Crims-ek, esaterako, hiru denboraldi egin ditu dagoeneko azken hamarkadetako gertaerak arakatzen: abokatuak, senitartekoak, poliziak, kazetariak elkarrikezkatzen dituzte horretarako. Dena esan behar bada, faktura ezin finagoarekin eta gustuz osatzen dituzte atalak. Morboa da salgaia, baina bilgarriak ekoizpen handien distira du.

Fantastic Beasts: The Secrets of Dumbledore jada HBOn ikus daiteke —Harry Potter zalea bazara eta ez bazenekien, badakizu orain—, eta bertan ere bada morborako aitzakiarik. Hirugarren atala den honetan, Johnny Depp aktorea Mads Mikkelsenekin ordezkatu dute, lehenengoa indarkeria matxistagatik epaitzen ari direla-eta. Horrek gogorarazi dit Depp eta Amber Heard aktoreei dagokien epaiketa asteotan ari dela garatzen. Eta deigarriagoa dena, telebistan ari direla zuzenean ematen, mundu zabaleko milioika ikusle epaimahai-kide bilakatuz. Twitterreko zalapartari erreparatuta, gainera, badirudigehienek Hearden jokabidea jartzen dutela zalantzan, bigarrenez biktima bihurtuz, Depp aktore kuttuna salbatzeko.

Court Tv da epaiketak eskaintzen dituen telebista, eta muturra bertan sartuz gero, albiste sorta beldurgarriarekin egingo duzu topo. Eskaintzen dutena ez da soilik epaiketaren zuzeneko emankizuna. Telebista katea da, bere elkarrizketa, aurkezle,grafismo, ustezko adituen hitzartze eta tertulianoak dituena. Ameriketako Estatu Batuetako epaiketa entzutetsuenak dituzte langai, eta dirudienez, bertako irudiak esklusiboki zabaltzeko eskumena dute. Krimena ondo saltzen da, zer esanik ez egiazko gertakariak jorratzen badira. Kasu honetan, ordea, benetakotasun horri zuzenekotasuna ere gehitzen zaio, edozein epaiketa reality showen pareko espektakulu bilakatuz. Izango da horri gardentasuna deitzen dionik; baina gehiago du Black Mirror-ekoen pareko ispilu distopikoen antza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.