Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Jaialdiak

2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Uda honetan nor ez da musika jaialdi batera joan? Azkeneko bi urteetan udak festarik gabekoak izan dira, eta musika jaialdiak ere bertan behera geratu dira. Uda honetan jaialdi horiek gogoz itzuli dira, eta jende anitz bildu da BBK, EHZ edota bestelako jaialdi handietara. Udaberri eta uda honetan zehar Madrilen egin diren bi jaialdietan egon naiz, eta bietan arazoak izan dira janari eta edaria lortzeko.

Arazo horiek bizi ostean, Trainwreck: Woodstock '99 telesail dokumentala ikusi dut (Netflix). Lan hori ikustean, aipatu ditudan jaialdietan egon diren arazo horiek huskeria iruditu zaizkit. 1999. urtean, Woodstockeko nostalgia aitzakia gisa hartuta, Woodstock '99 jaialdia antolatu zuten. Antolatzaileek historikoa izan zen jaialdi hura egin nahi zuten berriz, 30 urteren ostean. Zoriontsu izandako tokira berriz ere itzultzea zaila izaten da. Edizio horren arduradunek iraganera itzuli nahi zuten, baina beraien lana egiterakoan, gizartearen aldaketaz ahaztu ziren. Dokumentalean antolakuntzaren akats asko erakusten dituzte. Antolaketarik ezak ikus-entzuleen erantzun bortitza sorrarazi zuen, eta dokumentalean zehar eszena nahiko gogorrak ikusten dira.

Biolentzia horien bultzatzaileak gizon gazte eta zuriak izan ziren. Biolentzia hori, jaialdiko gauzen aurka zuzentzeaz gain, jaialdiaz gozatzen ari ziren eta antolakuntzaren kaosa pairatzen ari ziren emakume batzuek ere jasan behar izan zuten. Horietako askok beraien titiak erakustera behartuak izan ziren, eta bortxaketak egon zirela aipatzen da dokumentalean zehar. Antolatzailetako baten adierazpenak biziki asaldatu ninduen, eta Woodstock '99 jaialdiaren amaieran egin zuten sutara botatzeko gogoa izan nuen. Haren iritziz, hainbeste jende egonda, normala izan zen bortxaketa batzuk egon izana.

Ordutik 23 urte pasatu dira. Aurtengo jaialdietan eta festetan emakumeek eraso matxistak jasan dituzte. Besteak beste, ziztadak izan dira emakumeak erasotzeko modu berria. 23 urte horietan, feminismoak egoera horiek salatzeko indarra eman digu, eta salaketak errazteko puntu moreak aurkitu ditzakegu gune batzuetan. Antolakuntza arazo horiek bizi ostean, ez dakit musika jaialdi batera itzuliko naizen. Agian, pandemiak edo adinak aldatu egin nau, baina biolentzia matxistak ez nau etxean utziko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.