Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Autodefentsa erasoan

2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Fikzioa ondo egiten denean, indiferentziak ez du kabidarik. Edo harrapatu egiten zaitu, edo asaldatu. Filminek plazaratu duen Autodefensa telesaila —zerbait esatearren— kategoria horretan sartu da bete-betean. Hogeita bost urte bete ez dituzten bi aktoregai dira protagonista —Berta Prieto eta Belen Barenys baita istorioa idatzi eta zuzendu dutenak ere. Hamar atal autonomotan bakoitza bere narrazio molde propioarekin islatu dute euren bizipenen kontakizuna (edo erakutsi nahi duten zatiarena). Drogek, antsietateak, sexuak eta matxismoari aurre egiteko konbikzioak zeharkatzen dituzten bizitzak irudikatu dituzte. Atal bakoitzak merezi luke analisi bereizi bat. Badira dokumentalaren lengoaiara hurbiltzen direnak, umore kutsua dutenak, fantasiaren eremuan koka daitezkeenak... Eta ikusleak liluratu bezainbeste haserretu dituzte denek.

Bada generazionala den zerbait hor: fokuak begira dituenaren kontzientziatik, edo are, fokuak bereganatuz, ikuslearekin jolasteko joera; baina aldi berean, inoren iritziarekiko (ustez) ezaxola agertuz. Zentzu horretan eta leku desberdinetik egiten badute ere ez dago oso urrun Chill Mafiaren edo Bad Gyalen jokamoldetik. Aldarrikapena, probokazioa, iseka eta beren munduen dokumentazioa. Dena uztartzen dute batera, fikzioa eta errealitatea nahastuz, modu ia bereizezinean, baina ikusleari oihartzun egingo diolako ziurtasunarekin. Ikusle sumindua ere jolasaren parte da, ohartu gabe. Aurpegiratzen zaien horrek haien lanaren oihartzuna puzten du, eta hartu duten jarrera beharrezkoa zela frogatu.

Besteen begiradaren kontzientzia hartu eta horrekin jolastea ez da Instagramen egiten dugunaren oso bestelakoa. Deskontrolaren zein zati erakutsi hautatzea autodefentsa modu bat gehiago izan daiteke. Drogarekin arazoa duten bi gazte burges eta harroputz soilik ikusi dituzte batzuek. Baina bizi grina eta autosuntsipena gurutzatzen diren puntu horretako bizitza zurea edo nirea bezain duina edo duintasunik gabea dela egiten dute garrasi. Autodefentsazko harrokeria hori, ez da zentzu klasikoan— iraultzailea. Baina bada politikoa: existentzia bat, bere oker guztiekin, motxila guztiekin, ikusarazteko garrasia. Biktimismoari bezainbeste uko eginda inoren moralismoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.