Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Tradizioak

2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Ez dut gimnasioan izena emango, hizkuntza berri bat ikasteko promesa ez dut berriro egingo, eta tabakoa erretzeari ez diot utzi behar, ez dudalako erretzen. Aspaldi uko egin nion urte berrirako proposamenak egiteari, proposamen horiek askotan betetzen ez ditudalako eta garrantzia duten gauzak egiten saiatzen naizelako. Urte hasiera honetarako, 2022. urtearen balantzea egin dut, eta 2023. urtean etorriko denari ongietorria egin nahi diot.

Urte hasiera tradizioz betea dago. Urteko lehen egunean telebistan eski jauziak eta Vienako kontzertua ikusteko aukera egon da. Bazkalostean, Urtezaharreko ajea pasatzeko, Netflixeko telesail txatxu bat ikusten saiatu nintzen. Aurtengo aukeraketa Machos alfa izan da. Agian urteko telesail okerrena aukeratu dut. Gizonen maskulinitatea kritikatu nahi du telesail horrek, eta topiko matxistetan erortzen da esaldi oro. Bi atal ikusi ostean, Netflix itxi dut. Gorka Otxoa aktorea protagonista den telesail horren funtsa ez dut ulertu. Telesaila ikusi baino lehen banekien aukeraketa txarra izan zitekeela, baina espero nuen baino okerragoa izan da.

Eskerrak gauzak aldatu diren, eta feminismoa ardatz duten saioak ere aurkezten diren. Gaur ETB1en Leire Palaciosen saio berria estreinatuko dute. Munduko Plazan eta Dailobit saioen ostean, Ta bihar zer? aurkeztuko du. Beharbada, tradizioa bihur daiteke Palaciosek ETB1en saio berriak aurkeztea. Aitortu egin behar dut Palaciosen lanaren jarraitzaile bihurtu naizela azkeneko urtean, eta saioa ikusteko gogotsu nagoela.

Munduko plazan saioak bidaiatzeko gogoa piztu zigun. Dailobit-ekin euskaraz bizitzeko modu desberdinak ikusi ditugu, eta oraingoan gai zehatzen inguruan hausnartzeko gonbidapena egingo digu Ta bihar zer? saioak. EITBren elkartasun maratoiaren testuinguruan atal berezi bat egin bazuten ere, sexuaren inguruko saioarekin estreinatuko dira gaur. Gaia ez da erraza, sexuaren inguruan tabu asko daudelako. Saioaren Instagrameko kontuan jarri dituzten bideotan, aldiz, gaia erraztasunez jorratzen dela dirudi.

Urteko lehen egunean Netflixen aukeraketa nahiko txarra egin nuen. Eskerrak urte osoa dudala akats hori zuzentzeko. Lehen aukera gaur izango da. Beraz, 22:30ean ETB1 piztuko dut Ta bihar zer? saioa nolakoa den ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.