Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Zer ikusi

2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Pantaila piztu eta plataformetan zerbait bilatzen denbora asko ematen dut. Denoi gertatzen zaigun zerbait da, baina azken boladan krisi batean nago. Errealitatetik ihes egiteko fikzio interesgarri berri baten bila nabil. Bitartean, asko gustatzen zaizkidan telesail asko amaitzear daude, eta pixkanaka ikusten ari naiz. Aurreko astean The Good Fight telesailaren amaiera ikusi nuen. Telesail hori azaroan amaitu bazen ere, denboran luzatu egin dut telesail horretako pertsonaiei agur esateko unea. Diane Lockharti agur esatea zaila izan da. AEBetako politikaren eta abokatuen egunerokoa uztartzen duen telesail honek hutsune handia utzi dit jada.

Telesailak ikusteko une asko ditut, eta batzuetan bakarrik ikusten ditut, beste askotan bikotekidearekin. The Good Fight-en amaierara iritsi eta gero, sofan esertzerakoan, zer ikusi erabakitzeko denbora gehiago ematen dugu. Hori egin genuen azkeneko aldian, sentsazio horren inguruan solasean hasi ginen. Hutsik sentitzen gara, eta, afaldu osteko unea iristen denean, pantaila txikian zer jartzeko aukerarik gabe sentitzen gara.

Bakarrik ikusten ditudan telesailekin antzeko zerbait gertatzen ari zait. Good Trouble edo New Amsterdam bezalako telesailak ere amaitzen ari dira. Aurrekoan, pantaila txikiaren aurrean jarri nintzen, eta ez nekien zer jarri. Eskerrak Brooklyn Nine-Nine komedia ikusteko gogoa izan nuela, bestela Netflix, HBO Max eta Disney Plusen katalogoan denbora dezente galtzeko aukera nuen, eta, agian, ezer ikusi gabe geratuko nintzen.

Inspirazio bila, Urrezko Globoen izendatuen artean dauden telesailak zeintzuk diren begiratu dut. Batzuk ikusi ditut jada, eta ikusi ez ditudanek atentzio gutxi eman didate. Bitartean, Netflixeko aplikazioak noizean behin estreina berrien abisua ematen dit.

Neguko hotzarekin eta euriarekin, manta eta sofa gure lagun izaten dira, eta plan hori biribiltzeko telesail berri baten bila nabil. Momentuz, 2016. urtean estreinatu zen Atlanta telesailarekin hasi naiz, baina guztiz beteko nauen telesail baten bila jarraitzen dut. Algoritmoetan galduta nago, eta ezusteko baten bila jarraitzen dut. Bitartean, telebista piztua daukat, eta botatzen duten edozein gauza ikusten dut. Agian hori da errazena, telebista klasikoaren programazioari jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.