Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Sukaldean

2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Sukaldariak telebistako espeziea dira. Txiste-kontalari lanetan ikusten ditugu, otorduak nola prestatu azaltzen edo zerbait arin samarra kozinatu bitartean, azaleko galderak egiten gonbidatu random bati. Jateko modukoa-k eta baliokideek lehia eta reality-a su artera eraman daitekeela erakutsi digute, eta Pesadilla en la cocina-k lasaiago bizi garela ekarri diguten platerean dagoen horrek mahairaino egin duen bidea ezagutu gabe. Fikzioan, ez zaio askorik erreparatu sukaldeari. Jatetxeetan kokatutako eszena gogoangarriak ez dira falta, baina begirada bezeroarena da beti, dena delakoa zintzurrean behera sartzen duenarena.

Baina ezer ez da betiko. Azken astean, aurreko lerro horiek erabat gezurtatuz, sukalde kontuak langai edo kokaleku dituzten fikziozko bi lanekin egin dut topo: The Menu filma eta The Bear telesaila. Plater bertsua bikaina edo ezin eskasagoa izan daiteke hala ere; eta batak berehala nekatu ninduen gisan, harrapatu nau besteak. The Menu nahi eta ezinean garatzen den film bat da. Luxu goreneko jatetxe batean kokatzen da. Bezero aberatsen herrenak eta performance bihurtutako menuaren misterioa dira hasierako heldulekuak, baina aparrak bezala egiten du behera lehen ordua betetzerako. Ez naiz gai izan bezeroek bere lanaren maisutasuna ez baloratzeak etsipenez bete duen chefarekin enpatizatzeko.

The Bear-ek, aldiz, pertsonaien psikologian sakontzeko gaitasuna du. Shameless amerikarrean Lip Gallagherren rola egiten zuen Jeremy Allen White aktorea da protagonista. Aktorea ez ezik, pertsonaia ere oso da antzekoa. Pertsona inteligentea eta gaitasunez betea da, baina inguru zail eta gatazkatsu batean bizi da, eta hortik eratorritako arazoen aurrean duen jarrera iheskorrak ezaugarritzen du. Anaiaren suizidioaren ostean, haren hala moduzko jatetxea zenaren ardura hartuko du, eta saiatuko da munduko jatetxe onenetan ikasitakoa bertan aplikatzen, ez erresistentziarik gabe. Tramaren garapena pixkanakakoa da, kolpe birtuosorik gabea, baina kapitulu laburretan zehar, badu nahikoa indar ikusle eskuzabala harrapatzeko.

Eguna eta gaua izan daitezkeen bi lanek badute toki komun bat, hala ere: ostalaritza —Michelin izarduna zein kale izkinakoa— lanbide gogorra, esker txarrekoa eta prekarioa dela erakusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.