Pilotak ez dira aitzakia izango

Bengoetxeak material biziagoa nahi zuen, baina konforme azaldu da, halere. Altunak, aldiz, gustuko pilotak aukeratu ditu. Hirutan jokatu dute lau eta erdian; beti irabazi du leitzarrak
Oinatz Bengoetxea eta Jokin Altuna, pilotak probatzen, atzo, Labriten.
Oinatz Bengoetxea eta Jokin Altuna, pilotak probatzen, atzo, Labriten. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko urriak 31
Urriaren bortzean hasi zen lau eta erdiko txapelketa, eta bukaerara ailegatzen ari da. Aurreko asteburuan bukatu zen ligaxka, eta asteburu honetan jokatuko dira bi finalerdiak. Egungo txapelduna, Jokin Altuna, Oinatz Bengoetxearen aurka lehiatuko da larunbatean Iruñean, Labrit pilotalekuan. Igandean, berriz, Joseba Ezkurdiak Mikel Urrutikoetxearen kontra jokatuko du Bilbon, Miribilla pilotalekuan.

Atzo goizean aukeratu zituzten Labriten lehen finalerdirako pilotak. Ikusmin handia piztu zuen eta ehun lagunetik gora elkartu ziren pilotarien jarduna ikusteko. Altuna III.a «pozik» azaldu zen Martin Alustizak pilota hautatzaileak eramandako pilotekin. Bi pilota ezberdin aukeratu zituen amezketarrak: arina bat, pisutsuagoa bertzea: «jokatzeko pilota onak dira». Aurkariarenak ere «onak» iruditu zitzaizkion.

Ez zen hain pozik Bengoetxea VI.a, «pilota azkarragoak» espero zituelako: «Tokea badaukate, baina pilota nahiko mantsoak dira». «Espero baino motelagoak» izanagatik kexarik ez zuela nabarmendu zuen leitzarrak.

Lau eta erdiko modalitatean laugarrenez jokatuko dute elkarren aurka amezketarrak eta leitzarrak. Aurreko hiru partidak irabazi ditu Bengoetxea VI.ak, azkena aurtengo San Fermin torneoko lau eta erdiko finalean: 22-17. Badirudi, beraz, lau eta erdian Asegarcekoak neurria hartuta diola Aspekoari. Azken hori, ordea, azken irabazlea da, eta saiatuko da aurtengoan berriro txapela lortzen. Altuna III.ak argi du horretarako bere erritmoa ezartzea izango dela gakoa: «Oinatz asko arriskatzera etorriko da, eta ni arriskatzen eta nire erritmoa jartzen saiatuko naiz».

Lau eta erdian orain arteko partida guztiak irabazi izanagatik, larunbatean berriro ere irabazteko lana egin beharko duela argi du Bengoetxeak: «Azken bi urteetan, goraka joan da Jokin. Partida handi bat egin beharko dut hari irabazteko». Ezker besoan izandako lesio batetik osatu berri da Altuna III.a. Hala ere, Bengoetxea VI.ak uste du larunbatean «Altuna onena» ikusiko duela.

Txapelketaren aurkezpen egunera arte izan zen duda txapeldunaren parte hartzea. Lesiotik sendatuta, bere burua «ongi» ikusten du amezketarrak. Hala ere, gehienbat tantoa bukatzeko orduan «txispa» falta zaiola onartu du. Sasoirik onenean egon gabe lau eta erdiko finalerdira ailegatu izanari balio handia eman zion Altuna III.ak: «Nik izugarrizko balioa ematen diot hain ongi ez egon eta finalerdietara iritsi izanari. Ezinezkoa da urte guztian ondo egotea». Hala ere, helburu nagusia «finalera ailegatzea» dela nabarmendu zuen. Argi du larunbatekoa partida «zaila» izango dela, eta irabazteko «ongi» jokatu beharko duela. «Hobeto» ikusten du aurkaria, eta dudarik ez du «dena» emango duela finala jokatzeko.

Bengoetxea VI.ak ere argi du finalera ailegatzeko Altuna III.aren aurka ongi jokatu beharko duela. Horretarako, ohikoa duen joko erasokorra erabiliko du leitzarrak. Orain arte txapelketan «bi partida on eta txar bat» egin dituela onartu zuen. Larunbatean, berriz, «orain arteko jokorik onena egin eta finalera ailegatzea» du helburu. Argi du horretarako partida «handi» bat egin beharko duela.

Irabazten duenak igandera arte itxaron beharko du finala zein pilotariren aurka jokatuko duen jakiteko. Finala Nafarroa Arenan jokatuko da, hilaren 18an. Lehen aldiz jokatuko da txapelketa nagusi bateko finala bertan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna