Malkovich beste guztiak da

Argazkilaritzaren izen handi ugari omentzen ditu Sandro Millerrek Donostian ikusgai duen erakusketan. Hainbat argazki ikoniko berregin ditu, John Malkovich aktorearen laguntzaz

Diane Arbusen Biki berdinak (1967), Millerrek berregina. SANDRO MILLER.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Irving Pennen 1957ko irudian Pablo Picasso artista ageri da, berokiaren lepoa goratuta, kapela baten azpian ezkutatuta. Philippe Haslmanek 1954an Salvador Daliri egindako erretratuan, bibotearen puntak tente eta aurpegi keinu berezi bat eginez ikus daiteke margolaria. Bularraldean jarritako bi arrosari eskuekin eusten die Marilyn Monroek 1962an Bert Sternek hartu zion irudian. Sandro Miller argazkilariaren irudietan, ordea, John Malkovich aktorea da kapela azpian ageri dena; Malkovich da biboteak tente dituena; Malkovich da arrosei eusten diena. Hori guztia eta beste asko bilakatu da Malkovich Millerren kameraren aurrean; izan ere, aktorearen laguntzaz, argazkilaritzaren historiako hainbat irudi ikoniko berregin ditu argazkilariak. Irudien sortzaileak omentzeko Millerrek garatu zuen lana Donostiara heldu da orain: 61 argazki daude ikusgai Sandro Miller. Malkovich, Malkovich, Malkovich. Argazkilaritzako maisuei omenaldia erakusketan, San Telmo museoaren laborategian. Azaroaren 17ra bitarte egongo da zabalik erakusketa.

Millerrek 16 urterekin jakin zuen argazkilaria izan nahi zuela, Pennen lana deskubritu zuenean. Argazkilaritzaren historiako artista kanonikoen liburuekin hasi zuen bere prestakuntza, autodidakta gisa neurri handi batean. Hiru hamarkada geroago, munduko publizitate argazkilari onenen artekotzat hartzen dute gaur egun. 2013an, bere lanetan eragina izan duten sortzaileei omenaldia egiteko gogoa piztu zitzaion.

Millerrek berak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, minbizia izan zuen garai hartan, eta urtebetez lana utzi behar izan zuen. «Urte hartan sortu zen argazkilaritzaren maisu handiei omenaldia egiteko ideia hau. Niretzat inspirazioa izan dira; haiei esker naiz ni gaur argazkilari, eta, beraz, ohean nengoela pentsatzen nuen agian eskerrak eman behar nizkiela». Begiak itxita, hainbestetan ikusitako argazki horiek burura etortzen zitzaizkiola, horien inguruan proiektu bat nola landu pentsatzen jardun zuela azaldu zuen. Hainbat aktorerekin lan egin zezakeela bururatu zitzaion hasiera batean, baina John Malkovichekin hitz egitea erabaki zuen gero, aspaldiko laguna baitu aktorea. Laster jaso zuen baiezkoa. «Biok ikuspuntu bera dugu: perfekzioa bilatzen dugu». Eta, horregatik, asmoaz hitz egiten hasi orduko, biak jabetu ziren ez zela proiektu batere erraza izango.

Bi urte eman zituen Millerrek aukeratutako irudi guztiak ikertzen, haien istorioetan sakontzen, xehetasun txikiena ere aztertzen, argazkiak berregitean ñabardura guztiak aintzat hartu eta bere horretan berregiteko. «Bestela, ez nukeen egingo, arriskutsua zatekeen». Horregatik, nahiko luke publikoa jabetzea argazki bakoitzaren atzean bai berak bai Malkovichek egindako lan eskergaz.

Jolasa, baina «oso serioa»

Penn, Haslman eta Sternen lanez gain, Dorothea Lange, Annie Lebovitz, Richard Avedon, Diane Arbus eta Robert Mapplethorperenak ere berregin ditu Millerrek, beste askoren artean. Eta erretratuetan ageri diren pertsonaien larruan jartzen Malkovichek egindako lana goraipatu du. Sei-zortzi hilabete lehenago bidaltzen zizkion argazkiak aktoreari, prestatuz joan zedin, berak irudia berregiteko behar zuena prestatzen zuen bitartean. Hiru ordu makilatzen eta janzten pasatu ostean, ispilu aurrean pertsonaiaren keinuak birsortzen hasten zen, haren larruan sartzeraino. «Niretzat txundigarria zen nola bihurtzen zen Marilyn. Une horretan, John ez zen John, eta ni ez nintzen ni; Marilyn eta Stern ginen». Millerren irudietan, Malkovich ez da Malkovich: Truman Capote, Albert Einstein, Che Guevara, John Lennon edo Andy Warhol da; erlezaina, esku granada bat duen mutila edo ama emigratzailea da.

Argazkiak sortzean «antzerkitxoen modukoak» egiten bazituzten ere, eta erakusketan umore ukitu bat ageri bada ere, Millerrek argi utzi zuen ez dela parodia bat; perfekzioaren bilaketa horretan bai berak, bai Malkovichek «oso serio» hartu zutela proiektua. Asmo pedagogikorik ere baduela esan zuen. «Egile hauek maisuak dira, gaur egun egiten den guztian eragina izan dute».

Irudiek jatorrizkoa dute aldean, tamaina txikian, baina, Millerren ustez, ez litzateke bidezkoa biak alderatzea. Zaila baitzen berez zuten asmoa. Ez baitzuten Picassorik aurrean, ez 1957ko egun hartan Pennek zuen argirik, ez... «Birsorkuntza bat egin dugu, argazki haiek bere garaian sortu zuten zirrara hemen sortu nahian; argazkilari haien lanari bultzada emateko eta gazteei eragiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.