Italiako Giroa

Itzalpean ere, xarmagarri

Gaur hasi eta hilaren 25era arte jokatuko da Giroaren 103. aldia. Borroka irekia espero da hautagaien artean. Hiru saio egingo dituzte erlojuaren aurka, eta azken asteko mendiek erabakiko dute proba

enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Pasioa, zirrara, lilura... Sentimendu ugari pizten du Italiako Giroak zaleen artean. Nola ez zuten, ba, haren falta sumatuko? Maiatzean abiatu ohi da urtero, baina aurten dataz aldatu behar izan du, halabeharrez. Martxoan gogor jo zuen Italia koronabirusaren lehen olatuak, eta kolokan jarri proba 2020an jokatzeko aukera. Alabaina, pandemiak bilakaera baikorra izan du Alpeez haraindiko herrialdean, eta tropelean harturiko segurtasun neurriak eraginkorrak izaten ari direnez, gaur abiatuko da lasterketaren 103. aldia. Aurten, inoiz baino gehiago, Frantziako Tourraren itzalpean izango da, Grand Boucle-a salbatzea izan baita UCIren helburu nagusia. Lehentasuna eman dio egutegi birmoldatuan, eta izar gehienek hura aukeratu dute, zer gerta ere. Tourra bukatu eta astebete eskasera abiatuko da Giroa; beraz, ohi baino izen handi gutxiago izango ditu.

Eta, hala ere, beti bezain xarmagarria izateko osagaiak dauzka. Horietako bat da zale italiarrek Giroari dioten maitasun infinitua lelo hori izango du aurtengo aldiak, lasterketari ukitu berezia eta bakarra ematen diona. Ibilbidea ere aproposa da ikuskizun handia izan dadin. Erlojupekoek dezenteko garrantzia izango dute, etapa luze ugari izango da, eta epaile lana mendate mitikoek egingo dute. Hau da, Tourraren aldean, askoz ere gehiago hurbilduko da itzuli handien kanonera. Mendiko etapa gehiegik blokeatu egiten dute lehia, eta, horren ordez, orekaren aldeko apustu zentzuzkoa egin dute antolatzaileek.

Eta parte hartzea, ez da uste bezain makala. Esaterako, UCIren sailkapeneko lehen hogei txirrindularietatik zazpi ariko dira Italiako proban. Sailkapen horretan hirugarren dago Jakob Fuglsang (Astana), Giroa irabazteko hautagaietako bat. Mahai nagusiaren jiran ageri diren besteak Vincenzo Nibali (Trek), Geraint Thomas (Ineos), Simon Yates (Mitchelton) eta Steven Kruijswijk (Jumbo Visma) dira. Denek dute Senza Fine trofeoa altxatzeko gosea. Nibaliren kasuan, iraganeko mokaduak gogoan dituelako. Hura da parte hartzaile guztien artean maglia arrosa irabazi duen bakarra2013an eta 2016an; areago, faboritoen artean ez dago Giroko podiumera igo den beste inor. Yates eta Kruijswijk garaipenetik oso gertu izan ziren behinola, baina azken uneko deskalabruak izan zituzten. Thomasek ere badu kitatu beharreko zorra, 2017ko aldiaz geroztik. Irabazteko ametsa polizia batek eragindako erorikoak zapuztu zion. Fuglsang, berriz, itzuli handi batean behingoz distira egiten ahaleginduko da.

Danimarkarrak kale egingo balu, Astanak Alexandr Vlasoven karta dauka. Errusiarra maila harrigarria ari da erakusten World Tourreko bere lehen denboraldian. Miguel Angel Lopez ere sartu da Kazakhstango taldearen zortzikoan, baina ez dirudi sailkapen nagusiaren borrokan sartuko denik, Tourretik baitator. Trekek ere ondo babestua du bizkarra, Nibaliren aldamenean Giulio Ciccone ariko baita. Joao Almeida (Deceuninck) da zeresana eman dezakeen beste gazteetako bat. Wilco Kelderman (Sunweb) eta Rafal Majka (Bora), berriz, eskarmentua baliatzen saiatuko dira ezustekoa emateko. Ez du parte hartuko Richard Carapazek (Ineos), iazko irabazleak.

Elurraren mehatxua

Data ez ezik, abiapuntua ere aldatu behar izan du Giroak: Hungarian ordez, Sizilian hasiko da. Baita gogor hasi ere. Gaur 15 kilometroko erlojupekoa jokatuko da, eta datorren astean mendiko hiru etapa izango dira. Sasoiko iritsi ez denak larrutik ordaindu dezake.Eta erlojuaren kontra gaizki moldatzen denak ere bai, guztira 64,8 kilometro egin beharko baitira bakarka, hiru saiotan banatuta. Asko da, Tourreko 36 kilometroko saio menditsuaren aldean. Espezialistak eskertuta izango dira.

Ez hainbeste igotzaile petoak, baina izango dute denbora non berreskuratu. Izan ere, zazpi etapa menditsu edukiko dituzte guztira, eta horietatik sei mendatean bukatuko dira. Etaparik gogorrenak azken astean jokatuko dituzte, tartean Stelvio, Agnello, Izoard eta Sestriere igoera entzutetsuak daudela. Hori bai, ikusteko dago igotzeko moduan izango diren ala ez. Ibilbidea maiatzerako zegoen prestatua, eta baliteke urri amaierarako Agnello, Stelvio eta halako mendate garaiak 2.700 metrotik gora dute gaina elurrez estalita izatea. Aldaketek eragin handia izan lezakete lasterketaren bilakaeran.

Ordurako beren lanak eginda izango dira esprinterrak. Gutxienez sei aukera on izango dituzte azkarrena nor den erakusteko. Antolatzaileek lortu dute azkenean Peter Sagan (Bora) erakartzea, eta hainbat etapa esloveniarraren neurrira egin dituzte. Eskas aritu da Tourrean, eta ez du erraza izango Giroan arantza ateratzea, aurkari indartsuak izango dituelako: Arnaud Demare (Groupama), Fernando Gaviria (UAE) eta Michael Matthews (Sunweb), batez ere. Elia Viviani (Cofidis) ere multzo horretan egon liteke, betiere bere onera itzultzen bada.

Etapa ehiztariak ere ez dira kexu, Giroaren zigiluetako bat baitira bukaera bihurriak eta etapa hautsiak. Bigarren astean izango dute aukera gehien, erlojupeko luzearen aurretik. 34 kilometroko saio gorabeheratsua izango da. Etaparik luzeenak, berriz, 251 kilometro ditu. 200 kilometrotik gorako zazpi daude orotara; bakar bat baino ez zen izan Tourrean. Fokuetatik kanpo egon arren, benetako itzuli handi bat izango da Giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.